Donostia. "Belaunaldi gazte batek gure gertuko historiaz elkarlanean egindako hausnarketa" da Gure bide galduak Dejabu taldearen antzezlana. Hala uste du, behintzat, XII. Donostia Antzerki saria eman dion epaimahaiak. Norka Chiapuso epaimahaikideak atzo esan zuenez, "aurten konpetentzia handia egon da". "Oso zaila izan zen erabakia har-tzea", gaineratu zuen Donostia Kulturako arte programatzaileak.

Betiko legez, euskaraz antzeztutako ikuskizun onena saritzen du Udalak. Iaz, bederatzi taldek aurkeztu zituzten beren lanak hiriko antzokietan (Pikor, Gaitzerdi, Txalo eta Tanttaka taldeek, besteak beste), baina irabazlea Dejaburen antzezlan "biribila" izan da. Epaimahaiko bost kidek honako meritua azpimarratu dute: "Jatorrizko lana izateaz gain, elkarlanean sorturikoa da".

Izan ere, lan kolektiboa da konpainiaren ezaugarri nagusia. Zuzendaritza denen artean egiten dute, baita testua ere. "Aktore sortzaileengan sinesten dugu", aitortu zuen Ainara Gurrutxagak, Dejabu konpainiaren sortzaileetako batek. Bost aktoreak -Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Gurrutxaga bera- inprobisatzen hasi eta pixkanaka joaten dira testua osatzen. "Nahiko buruhausteak eman zigun, baina asko disfrutatu genuen", aipatu zuen Ainarak.

Urrian estreinatu zenetik 15 bat emanaldi egin dituzte eta oso "harrera ona" izan dute saio guztietan. Atzo adierazi zutenez, "kolektibitateari" buruz hitzegitea zen "hasierako apustua": talde ametsak, utopiak eta abar. Geroago, zenbait taldekide errenteriarrak direnez, istorioa herri horretan kokatzea erabaki zuten, 70. hamarkadaren azkenetan, Errenteria "Belfast txikia" goitizenarekin ezaguna zenean: istilu politikoak eta langile borrokak eguneroko gauzak ziren. "Batzuk garai horietan jaio ginen eta ezaguna egiten zaizkigu etxean oso presente egon direlako beti", azaldu zuen Gurrutxagak.

historia hurbila Sinopsiak dioen moduan, Gure bide galduak lanak Euskal Herriko historia hurbila hartzen du abiapuntu -Franco hil ondorengo lehen urteak, hain zuzen ere-, eta baserri girotik hirira Magisteritza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak ditu ardatz. "Utopia, amets eta desenkantuari" buruzko ipuina da, "gure memorietatik berreskuratutako piezekin" sortutakoa eta "errealismo magikoz zipriztindutakoa".

Konpainiaren izen osoa Dejabu Panpin Laborategia da, eta azken lan honetan txotxongilorik ez dagoen arren, haien eragina soma-tzen da, mugimenduak, objektuen garrantzia eta espazioak sortzeko moduagatik, Urko Redondoren aburuz.

Epaimahaiaren ustez, "iraganaren interpretazio berezia" egiten du Gure bide galduak lanak. Hori ez ezik, eszenografia eta zuzendaritza ere nabarmentzekoak dira: "Harrigarria da ikustea nola lor daitezkeen hainbeste emozio hain objektu gutxirekin. Elementu guztiak agerian dauden arren, emanaldiaren hasieratik, hauen erabilera sinbolikoa ezin hobea da". Eszenaratzea ere "adimen handikoa da, planteamendu sinpletik konplexutasun semantikorantz doana, konponbide eta trantsizio eszeniko anitz sortuz". Azkenik, aktoreen lana eta Arantxa Vicedoren zuzeneko musika txalo-tzen ditu epaimahaiak.

Sari gisa, taldeak 10.000 euro eta Txiki Agirre Keixeta artistaren margolan bat jasoko ditu. Martxoaren 27an lana antzeztuko du Dejabuk Victoria Eugenia antzokian, An-tzerkiaren Nazioarteko Eguneko ekitaldian. Orduan hartuko ditu konpainiak 8.000 euro. Gainontzeko 2.000 jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Gainera, ikuskizun hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte Iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean, gastu guztiak ordainduta.