Síguenos en redes sociales:

Urgellek barkamena eskatu zion Sarrionandiaren familiari

euskadi sarien ekitaldira joatea erabaki zuten azken unean senideek "Joan ginen beste idazleei eguna ez izorratzearren", aitortu du idazlearen arrebak

Urgellek barkamena eskatu zion Sarrionandiaren familiari

donostia. Inoiz ez dute izan nabarmentzeko gogorik, are gutxiago prentsako argazki eta titularretan agertzeko asmorik, baina Jaurlaritzak Joseba Sarrionandiari egokitutako saria atxikitzea erabaki zuenean ez zuten beste biderik ikusi. Hala, Iurretako idazlearen familiak hilabete eta erdiko odisea ilun eta tirabiratsua bizi izan du, herenegun dena bukatu zen arte. Mariaje Sarrionandiak Jose Ibarrolaren eskultura eskuetan hartu zuenean amatatu ziren suak, baina txingarrak ez. Edonola ere, familiak jakin izan du parkatzen eta sari banaketara joatea erabaki zuen azken unean, Kultura sailburu Blanca Urgellek urrian eginiko zentzugabekeria bere erara justifikatu zuen arren. "Joan ginen, neurri baten, beste idazleei eguna ez izorratzearren, beraien lana ere aintzatetsi eta aitortzearren, auzi honek itzalean utzi baititu denak, eta pena handia eman digu horrek. Beraz, normalitatearen alde egin genuen azkenik", dio Aitor Sarrionandiak, Josebaren anaiak.

Ordu erdi aurretik agertu ziren Sarrionandiatarrak Gasteizen (idazlearen ama, arreba eta anaia), alboan lagun koadrila galanta zutela: Ruper Ordorika abeslaria (Josebaren lagun mina), Ander Iturriotz (Idazleen Elkarteko lehendakaria), Xabier Mendiguren Elizegi eta Pello Elzaburu editoreak eta Jon Artatxo abokatua. "Protokolorako hurbildu ginen goiz, eta ondo hartu gintuzten. Batez ere Urgellek. Berba onak izan zituen guretzat, eta gure amari parkamena eskatu zion pribatuan, nahiz eta publikoki holakorik egin ez duen", kontatu zuen Aitorrek. Ekitaldian ez zen Patxi López egon, agenda kontuak tarteko, baina modu onean gertatu zen dena. "Amaitu da, bai, baina nekagarria izan da guretzat, penagarria, batez ere Mariaje arrebarentzat, bere lepo hartu duelako bozeramaile ardura", aitortu zuen idazlearen anaiak. Sariaren 18.000 euroak ere bidean omen dira. "Egia esateko, ez dugu begiratzeko astirik izan, baina ordainketaren agiria heldu zitzaigun, beraz, litekeena da jada ordainketa eginda egotea".