Síguenos en redes sociales:

Euskal kantuaren lehen akordeak

Mixel Labeguerik euskal kantagintza berriaren lehen mugarria jarri zuen orain dela 50 urte; gitarra eta ahotsez baliaturik, Euskal Herriko musikaren eraldakuntza hasi zuen "Aurtxo aurtxoa", "Gudari euskaldunaren kantua" eta "Primaderako liliak" bezalako abestiekin. testua Joseba Imaz

Euskal kantuaren lehen akordeak

XX. mendearen erdialdera, ohikoa omen zen estraperloa Bidasoa ibaiak markatutako mugetan. Jantziak, edariak, jakiak... denetik pasatzen zuten kontrabandistek, erosleen pozerako. Baina baziren beste produktu preziatu batzuk, Iparraldetik Hego Euskal Herrira pasatzen zirenak: euskarazko disko eta liburuak. Hala gogoratzen du Txomin Artola abeslariak Pako Aristiren Euskal Kantagintza Berria 1961-1965 (Erein, 1985) liburuan: "Disko haiek ekartzean beldurrez ibiltzen ginen, oso kontrabando gaiztoa egiten genuela iruditzen zitzaigun, ez zen kafea edo Remmy Martin ekartzea, disko haiek azalean ikurrina zeukaten".

Kantari hondarribiarrak aipatzen dituen album horiek Mixel Labeguerie musikari lapurtarrak 1960ko hamarkadan argitaratutako lanak dira. Esan bezala, ikurrinaren txuri gorri eta berdea ageri zuten portadan. Baina baita gitarra bat ere, hondo beltz baten gainean. Labeguerie"ren lau kanta zioen, bere soiltasunean, disko haietan lehenak. Orain dela 50 urte Goiztiri zigilu historikoak kaleratutako abesti eskukada hura, baina, nahikoa izan zen euskal kantagintza berriari ateak irekitzeko.

Gaur, hain justu, kontzertua eskainiko dute Donostiako Kursaal Auditorioan (20.00etan) Txomin Artola, Anje Duhalde, Antton Valverde eta Niko Etxartek, besteak beste, Euskal Herriko lur maitea abesti bildumaren inguruan. Horien guztien jardunak -60, 70 eta 80ko hamarkadetako musika hura taularatuko dute- izango du loturarik, nahita ala ez, Labegueriek zabaldutako arrastoarekin.

oinarria

Euskararen mugimendua

Data zehatza ezagutzen ez bada ere, lehen euskarazko disko modernoaren jaiotza 1961an kokatu du, orain arte, euskal musikaren historiak. Urte hartan, Donostiako Erbiti musika dendan erositako gitarra batekin, lau kanta grabatu zituen Mixel Labeguerie mediku, politikari, euskaltzale, eta musikari zenak. Ez zuen imajinatu ere egingo, ziur aski, eragitera zihoan lurrikara.

Gizon ezaguna zen Ipar Euskal Herrian Mixel Labeguerie (Uztari-tze, 1921 - Toulouse, 1980) garai hartan, euskararen eta euskal kulturaren inguruko mugimenduan. Bordelen eta Parisen mediku ikasketak amaitu eta Kanbon hasia zen lanean. Txistua jotzen zekienez, dantza talde zenbaitetan aritzen zen; Euskaldun Gazteen Batasuna eta Euskaltzaleen Biltzarreko kide zen; eta bertsolaritza ere maite zuen. Iturri horietatik guztietatik edan zuen, beraz, kantari lapurtarrak. Gainera chanson française delakoa barneratua zuen, haren seme Eneko Labegueriek gogoratzen duenez: "Brassens, Brel eta horiek maite zituen. Bra-ssensek disko bat ateratzen zuelarik, etxean behar genuen!", azaleratu du.

Konpromiso politikoak, berriz, Enbata aldizkariaren inguruko abertzale mugimendura eraman zuen, Ximun Haran, Jakes Abeberri, Jean Louis Davant eta Piarres Larzabalekin batera. Hara hor Labeguerieren lehen diskoan parte hartu zuten bi lagun. Enekok gogora-tzen duenez, "etxean", Ximun Haran pilotari eta euskaltzale ezagunaren "bi pistako magnetofoi zaharrarekin" egin zuten lehen grabaketa hura. Abesti batzuren letrak, berriz, Piarres Larzabalen sormenaren ondorio dira.

Lan horren emaitza izan ziren, 1961eko disko hartan jasotako abestiak: Aurtxo aurtxoa, Primaderako liliak, Gudari euskaldunaren kantua eta Bakearen urtxoa. Kanta biluziak dira guztiak, Labeguerieren ahots leunean eta gitarra baten akordeetan oinarrituak. Euskal abertzaletasunaren ikutua dute guztiek, Primaderako liliaksalbu -honek maitasuna du hizpide-.

lehen kantak

"Subertsiboa zen, garai hartan"

Gaur egun zaila da sinestea horrelako grabaketa sinple batek, kanta soil haiek, zenbateraino baldintzatu zuten euskal musikaren etorkizuna. Benito Lertxundik gogoan du, 1965ean Ez Dok Amairu taldeko "lehen bileretan", bildumaren berri izan zutela. "Oso zaila da azaltzen inpresio hura. Bazuen halako misterio bat. Frankismoa zen eta klandestinitatean, bat-batean jakitea Iparraldetik, alkate eta mediku batek, kanta haiek egiten zituela... Misterio handi bat zen. Oso disko subertsiboa zen garai hartan", gogoratu du Orioko abeslariak.

Disko haren aurrekari bezala aipatu ohi dira Nemesio Etxanizen Kanta-Kantari liburua (1951) eta Bilbon 1950eko hamarkadaren amaieran sortutako Soroak taldea. Lehenak, txa-txa-txa eta pasodobleak euskarazko letrekin kaleratu zituen; bigarrenean, Robles-Arangiz familiako Iker, Ugutz eta Irkus anaiek -Estitxu arreba ere batzen zitzaien batzuetan- eta Txabi Villaverdek kanta zahar batzuk abesten zituzten, gitarrarekin. Mixel Labegueriek bazuen nonbait haien guztien berri.

Aitzindari haiek baziren ere, Mixel Labeguerieren lehen disko haiek -bigarrena 1963an grabatu zuen- sinbolo bihurtu ziren garaiko musikarientzat. Mikel Laboak Euskal Kantagintza Berria liburuan baieztatu zuenez, abesti haiek "inpakto handia izan zuten jendearengan". "Asko zabaldu zen disko hori. Guri ere eragin zigun zirrara", aitortu zuen kantautore donostiarrak. "Izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan, gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntez kantatuak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti", osatu zuen, argitalpen berean, Xabier Letek.

bigarren diskoa

"Gaztedi berria"

Bigarren diskoa ere Piarres Larzabal eta Ximun Haranen laguntzarekin grabatu zuen Mixel Labegueriek. Horien artean autore lapurtarraren abesti ezagunena zegoen, Gaztedi berria, baina baita Astoa balaam, Gatua Pitxitxi eta Ezkilaren kantua. Gerora beste disko bat argitaratu zuen, Eneko semearekin batera (Nafarra, 1972), baina ordurako politikagintzan sartua zegoen buru-belarri.

Benito Lertxundik gogoan du behin Mixel Labeguerierekin batera Sarako trinketean eskaini zuen kantaldia. "Pertsonai misteriotsua zen guretzako. Enbatan zebilen, eta bere mitinak-eta egiten zituen. Lapurtera klasiko eta dotorean egiten zuela esaten zen eta halako halo bat bazeukan haren inguruan". Saran, egun hartan, ezagutu zuenean "oso gizon atsegina" iruditu zitzaion. "Herriko ostatuan afaltzen ari ginela, Lekunberriko soldaduarena kantatu nion eta gustatu zitzaion. Oso giro onean aritu ginen elkarrizketan. Egun batez bere etxetik pasa eta hitz aspertu bat egingo genuela esan nion. Promesa egin bai, askotan egin dudan bezala, baina denbora pasa zen eta halako batean hil zela jakin nuen. Har horrekin geratu nintzen", aitortu du kantari oriotarrak.

Bizipen horiez gain, Labeguerieren lehen disko haiek euskal kantagintzari "hasiera" eman ziotela uste du Lertxundik. "Bazeuden koroak, otxoteak eta abar betiko gauzak kantatzen, baina beste tokietan egiten zen hori oraindik ez. Guretaz beste musikari batzuk aipatu izan dutenez, gitarrarekin zenbait kantu euskaraz abesten ikusten gintuztenean, esaten zutela "Hau egin daiteke euskaraz!". Guri ere horrelako zerbait pasa zitzaigun hura en-tzutean. "Hau egin daiteke!" Aita ponteko izan genuen Mixel Labeguerie", baloratu du.