Donostia. Larunbat gauean, Tolosako Bonberenean (22.30ean) eskainiko du kontzertua laukote bilbotarrak. Joan ezin dutenei Donostiako Doka aretoak bigarren aukera bat emango die, hilaren 26an.

"Era" diskoan abestiak egiteko modua zuen bizitzara moldatu duzuela azaldu duzu. Zein aldaketa dira horiek?

Gure bizitza ez da lehengo bera. Lanak denbora gehiago kentzen digu, familiak ere hor daude... Hori guztia moldatu egin behar da musikara. Lehen lokalean ordu pila bat pasatzen genituen abestiak egiteko, inprobisazioekin eta abar. Oraingo honetan askoz ere konkretuagoak izan gara, gure indar guztia jarri dugu, gure errealitatea zein den kontuan izanda. Hori da aldaketa nagusiena. Etxetik abesti asko etorri dira erdi eginda, melodia eta gitarra batekin, eta gero lokalean abesti bihurtu ditugu. Lehen denok abestiekin gora eta behera aritzen ginen; gozada bat izan arren, denbora asko eskatzen zigun horrek.

Jorratu beharreko bidea errazago erakusten du, beraz, esperientziak.

Hori ere bai. Urte hauen guztien ondorioa da abestiak sortzeko moduaren aldaketa. Erraztasun gehiagorekin heltzen gara nahi duguna espresatzera, bueltaka ibili gabe. Esperientziak erraztasun hori ematen du.

Soinu berriak, bide berriak jorratu dituzue. Hori da sortzen jarraitzeko bide bakarra?

Guk ez ditugu aldaketak abiapuntuan planteatzen. Irten egiten dira. Musika ezberdinak entzuten ditugu, esperientzia ezberdinak ditugu eta sortzeko garaian, gauza batzuek funtzionatu egiten dute eta beste batzuek, ez. Funtzionatzen dutenenean sakondu egiten dugu. Baina ez da hasieratik planteatzen dugun zerbait. Lokalean entseatzen dugunean, estilo bereko beste abesti bat egiten hasten gara eta agian ez du aurrera egiten. Baina ezer ezberdina egiten dugunean, emozionatu egiten gaitu.

Programazioak dira berritasun nagusietako bat.

Abestiak egiten aritu ginenean, programa bat inprobisatu genuen. Polita zela iruditu zitzaigun, baina disko batean ezin genuen modu horretan sartu. Split 77 taldeko lagunengana jo genuen eta haien laguntzarekin rollo ezberdin bat osatu genuen. Haiekin egon ginen arratsalde-gau batean eta motibo hori lau minutuko abesti bilakatu genuen: Gorputz pentsamendu huts. Gero beste kanta batzuekin ere, berdin. Ez zen aurrez pentsatuta zegoen zerbait, gertatu dena baizik. Lagunak ditugulako gertatu da. Eta suerte bat da.

Aberastu egiten du diskoa beste musikarien parte-hartzeak?

Gozada bat da. Raul (Doctor Deseoko teklatua) ere gurekin egon da. Abestiak bereziago egiteko ere hor daude Gorka (Berri Txarrak), Eñaut (Ken Zazpi), Nagore (Amaiur) eta Josu, Unai eta Urko raperoak (FDLN). Jende ezaguna da, telefonoa hartu, deitu, eta problema barik gu laguntzera etorri dena. Beste ikuspuntu batzuk gure lanean izatea, hori polita da.

Molde dantzagarria dute zenbait abestik. Berezko duzuen energia horren ondorioa da ikutu hori?

Horrela irten da. Entzuten dugun musikak ere eragina izango du. Talde pilo bat daude estilo horretakoak. Horrek aldatu egiten gaitu. Gure influentzia guztiak atera ditugu eta gorputzak horrelako zerbait eska-tzen zigun. Aurreko diskoan ere badaude horrelako ikutuak. Ondarroa izango da toke hori izan zuen lehen kanta, eta gero Kukutza etorri zen. Horiek izango dira aita eta ama, eta ondoren etorri diren berriek estilo horri jarraitzen diote, era ezberdin batean. Dantzagarriagoak dira. Gozagarria da gauza berrietan sar-tzea.

Jose Lastrasen aginduetara grabatu duzue "Era". Denbora asko pasa zenuten estudioan?

Etxetik lokalera abestiak eraman, landu eta ondo grabatu ditugu. Estudioan denbora behar izan genuen aurretik lokalean egindako programaketak, arregloak eta beste sar-tzeko. Panderetak sartzen, koroak, arregloak, gitarrak, teklatuak... Abestiak entzun eta galdetzen genion gure buruari: honi zer falta zaio? Horrelako gauzek denbora eskatzen dute, baina borobiltasuna ematen diote diskoari, aberastu eta goxotasun bat ematen diote. Jose Lastras gure soinu teknikaria da eta errazagoa da berarekin lan egitea.

Emozioak dituzte ardatz letrek. Esan izan duzu gustuko duzula jendeak bere irakurketa egitea. Abestia ez da amaitzen entzulearengana iritsi artean?

Bakoitzak bere bizipenetara eraman behar du. Letra asko txorrada batetik ateratzen ditut, kasualitate batetik. Bat-batean osotasun bat hartzen dute abesti batean. Eta ilusioa egiten dit. Osotasun hori entzuleek ematen diote eta abesti bakoitza berezi egiten dute.