Síguenos en redes sociales:

Iraganeko gertakarien doinua

Joseba Tapiak Bigarren Gerra Karlistan oinarritutako diskoa kaleratu berri du, 'Eta tira eta tunba' izenekoa. Garai hartako 22 bertso kantu bilakatu ditu trikitilariak, haizezko musika tresnez hornituriko bi banden laguntzarekin.

Joseba Tapia musikariak karlisten eta liberalen kantuak plazaratu ditu aurkeztu berri duen Eta tira eta tunba lanean. Bigarren Guda Karlista ardatz hartuta, lasartearrak oroimen historikoa harrotzen dituzten 22 kantu osatu ditu. "Zer izan garen eta zer ezin garen izan erakusten dutelako, borroka erratu bat islatzen dutelako eta herriaren ahotan zatika baino iraun ez dutelako egin dut", azaldu zuen kantariak.

"Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa, Gasteizko Foruen plaza edota Donostiako Zumalakarregi ibilbidea. Gure zokoak, gure historia, foru eta kausa karlisten oroi-tzapenez beteak daude", adierazi zuen Tapiak atzo Donostian egin zuen lanaren aurkezpenean. Hala ere, gaur egungo abeslarien errepertorioetan gertaera haien inguruan "ezer gutxi topatuko dugu", aipatu zuen.

Euskal kantagintzan gai honen inguruko hain kantu gutxi egoteak harritu egin du musikaria. "Gerra garai edo inguruko kantuek ez dute ondare folkloriko edo herri musika izateko behar adina kategori. Arantzazu edo Ama Birginari buruzkoek, ordea, bai", bota zuen ironiaz.

Zavalaren bildumako bertsoak

Doinuak

Diskoan azaltzen diren letra gehienak Antonio Zavala historialariak publikatu zituen bertso bildumetatik atera ditu trikitilariak. "Herritarren ahotan eta paper zaharretan zebiltzan kantuak bilduma bikain bitan utzi zizkigun Zavalak. Hasieran inpresio ona sortu zidaten bertso haiek, baina pixkanaka harrapatu egin ninduten", aitortu zuen.

Tapiak bertso hauei musika jar-tzen hasi orduko "geroz eta barnerago sentitzen" zituela argitu zuen eta kantantzeko gogoa "pizten" ziotela. "Gaurkotasun handikoak dira, hizkuntza zaharra bezain gertukoak, esateko modu bitxi eta ulergarriez beterikoak", erantsi zuen. Azkenerako beste proiektu guztiak "bazterrera bota eta bete-betean" proiektu honi heldu zion.

Zavalaren bildumaren bertsoak bere doinu propioak zituzten, baina musikariak esan zuenez, transkibitzen hasi orduko "akatsez beteta" zeudela ohartu zen. Horregatik, berezko bertsoetatik sei melodia bakarrik mantendu ditu: Eta tira eta tunba, Azpeitiko neskatxak, Hernani dago penoso, Karlos Txapari eta Ta noiz zuazte. Beste kantu guztien doinua, aldiz, Tapiak sortu ditu "lehengo bertsokeran eta kopla zaharrean" pentsatuz.

Edukiari dagokionez, Tapiak bertso hauek "denetik" dutela adierazi zuen. "Metrika ezberdinak, irudi politak, umore zorrotza, kritika edota damua. Bazekizkiten kantuak idazten, oso bertso ederrak eta interesgarriak dira", gehitu zuen.

Letrak eta melodia kontrolpean zituenean, Tapiak hori guztia nola hornitu edo jantzi pentsatzen hasi zen. "Garai hartan trikitixa ez zen hain ezaguna eta, hortaz, haizezko tresnak egongo zirela otu zitzaidan. Horregatik lanari txaranga usaina, herriko banda musika tankera edota militar kutsua eman nahi izan nion", azaldu zuen.

Behar zuen giroa lortzeko, trikitilariak bi musikari talderen laguntza izan du. Karlisten bandan: Iban Urizar (tronpeta), Ibon Irijoa (saxoa), Asier Ituarte (tronboia) eta Ramontxo Vega (tuba) izan ditu eta liberalen bandan: Filipe Aldakoa (tuba ea tronpeta), Alain Martineau (saxoa), Mintxo Garaikoetxea (bonbardinoa) eta Inazio Tolosa (klarinetea).

Azken gerra karlistaren soinua da Eta tira eta tunba. Baina lan hau ez da Tapiak iraganari begira sortu duen bakarra, Agur Intxorta maite diskoak ere 1936-1937 guda bertso eta poemetan oinarritutako kantutegi antifaxista izan zen. Arte lana egiteaz gain, Tapiak dokumentu historikoak sortzen ere badakiela erakutsi du.

Atzoko aurkezpena amaitzeko trikitilari trebeak hitz batzuk esan zituen: "Minutu bateko isiltasuna eskatu beharko nuke gerra honetan hil ziren guztion alde baina txalo deskarga bat eskatu behar dizuet, bai liberalek eta bai karlistek utzi diguten ondarea esker-tzeko".