Síguenos en redes sociales:

40 urte liburu eta kantu artean

Elkarrek, euskal kulturaren zabalkunde eta bermatzearen alde egin duen enpresak, ia 40 urteko ibilbidea bete du dagoeneko. Hasieratik izan zuen fundazio baten espiritua, nahiz eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa 1996. urtean legeztatu. Testua Sara Etxart

nor ez da joan inoiz Donostiako Alde Zaharreko Bilintx dendara? Nahiz eta orain Elkar izenez ezagutu liburudenda bera da, duela 30 urte sortu zen txoko ezagun bezain klasikoa. Elkar jaio zen testuingurua ez zen batere xamurra izan, frankismoa bizirik zegoen eta euskara debekatuta. Hala ere, giro zakarrari aurre egin zioten 20 lagunek Baionan bildu eta horrela, 1972. urtean, Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria (Elkar) proiektuari ekin zioten. Ekintzaren bultzatzaileek argi izan zuten hasieratik enpresaren espiritua: fundazio bat izango zen.

Egitasmoari berehala gehitu zi- tzaizkien Hego Euskal Herriko beste 20 kide eta urte berean, liburudenda eta banaketa zerbitzu lana betetzen zuen Zabal ireki zuten Baionan. "Enpresak beti oinarri izan duen lurraldetasuna jaio zen orduan, ipar eta hegoaldeko jendea batzen zuena", adierazi du Joxemari Sorsek, Elkarreko gerenteak. "Beti ari ginen ikastolekin eta beste argitaletxeekin lanean, hori izan baita gure zutabeetako bat: elkarlana", gehitu du.

Franko hil zenean Elkar leku baten bila hasi zen Hego Euskal Herrian. Orduan, Bilintx liburudenda sortzeaz gain, Zabaltzen banaketa zerbitzua jarri zuten martxan. "Euskal liburuak modu duin eta profesional batean helarazituen lehen liburudenda izan zen Bilintx", aipatu du Sorsek. Hortaz, Elkarrek hiru arlo landu izan ditu ia hasiera batetik: argitalpena, banaketa eta salmenta zuzena. "Eremu hauei eusteak zimendatu zuen gure azken oinarri azpimarragarria: eredu propio bat", argitu du. "Gaur egun ohikoa da talde handiek hiru oinarri hauek izatea, baina orduan, lehenengoetakoak izan ginen hiru zutabe horiek jar- tzen", gehitu zuen.

fundazioa

Pentsaera eta ekintza

"Argi izan genuen hasieratik, kulturatik sortzen zen guztia euskal kulturara bihurtuko genuela", azaldu du Sorsek. "Berrinbertsio politika jarraitu dugu sorreratik, mentalitate eta ekintzan fundazioa izan gara beti", aipatu du. Egitura hau legeztatzeko, berriz, Elkarrek 1994. urtera arte itxaron behar izan zuen -fundazioak egiteko legea orduan atera zen-. Beraz, 1996. urtean, enpresak Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa egituratu zuen.

Enpresaren izaera berria legeztatu bezain laster, akziodunek atzera ezinezko akzio dohaintza egin zuten. Fundazioa liburu eta musika argitaletxeen, banaketa etxeen eta megadenda sarearen jabe bakarra zen eta "jardueraren ardatza den enpresa espirituak, konpromiso bati jarraitu dio hasieratik: gure kulturaren eta hizkuntzaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea", adierazi du.

Gaur egun, Elkar Euskal Herriko liburu, musika eta kultur arloko megadenda sarerik handiena da. Donostiako Bilintx, Gasteizko Arriaga, Iruñeako Xalbador, Baionako Mattin eta Bilboko Iparragirre dendak sortu zituen eta baita Ramos, Etxepare edo Herriak liburudendak erosi eta irekita mantendu ere. "Konturatu ginen izen gehiegi genituela eta nahaste borraste bat zela, jedeak ez gintuelako identifikatzen", azaldu du Sorsek. "2005. urtean, hortaz, marka bakarra erabiltzea erabaki genuen", gehitu du.

radiografia

Barne egitura

Izen bakar batenpean Elkarrek 23 enpresa biltzen ditu eta 440 profesionalekin egiten du lan. Adibide gisa, argitalpenaren arloan Fundazioa bost argitaletxeren jabe da: Elkar, Oihuka musika disketxea, Tartalo, Sua eta Txertoa. Banaketa etxea Zabaltzen izan da beti eta liburudenden aldetik, hamalau ditu guztira. "Bakoitza enpresa bat da, batez ere, bakoitzak daraman garapena kontrolatu ahal izateko, inbertsioen nondik norakoak jakiteko, hau da, azkenean, ustiaketa ekonomikoa enpresa bakoitzak eramaten du", azaldu du Sorsek.

Elkar bost zutabeetan finkatzen da: Lurraldetasuna, elkarlana, eredu propioa -argitalpena, banaketa eta liburudenda-, berrinbertsioa eta arlo soziala. "Beharra ikusi dugun lekuetan hara joan, enpresa bat sortu eta erantzun bat ematen saiatu gara eta, horretarako, lanpostu berriak sortu ditugu", argitu du. Oinarri hauek guztiak arrazoi bati erantzuten diote: "Nahiz eta beti aritu garen elkarlanean inguruko kulturekin, gure helburua euskal kultura garatu eta bermatzea izan da hasieratik", gehitu du.