Donostia. Zein diferentzia nabarmenduko zenituzkete argitaletxeen sortze garaitik oraingo egoerara?
X.M. Garai batean, argitaletxe asko idazleek sortzen zituzten, gabeziak ikusten zituztelako. Zorionez, geroztik etorri diren idazle belaunaldi gazteagoek ez dute sortzeko behar hori sentitu, ondo funtzionatzen duten argitaletxe multzoak topatu dituelako. Holakorik gertatu ez bada, gaudenak irikitasun bat eta profesionaltasun bat dugulako da.
I.M. Bai, nik ere profesionaltasuna aipatuko nuke eta ez bakarrik industria edo enpresa arloan, produktua bera mimatzeko momentuan ere hobetu egin da.
I.A. Egun, gertatu den aldaketa egonkortasunarena izan da. Dauden argitaletxeek premiak betetzen dituzte, eskakizunak. Argitaletxe bat sortzeko agian, garai hauek ez dute gehiegi laguntzen.
X.M. Besteak beste, ez da argitaletxe berririk sortzen ikuspegi kulturaletik nahiko ondo egiten direlako gauzak, baina enpresaren ikuspuntutik ez delako negozio ona, hau da, dirua ateratzea baldi bada helburua...
Euskal irakurle kopuruak gora egin du edo mantendu egin da azken urteotan?
X.M. Datuen arabera, gero eta titulu gehiago argitaratzen dira (urtean 2.300 titulu gutxi gora-behera). Hala ere, bataz besteko tiradak gutxitu egin dira, hau da, garai batean bi mila aleko tirada orain milakoa da. Beraz, urtero kalera ateratzen den liburu kopurua pixkana goraka doa baina argitaletxeek gero eta zailagoa dugu panorama. Irakurle kopuruari dagokionez, gehiago dira irakurle berriak sortzen direlako, baina belaunaldi berriek beste aisialdi mota asko ere dituzte. Hau da, garai bateko irakurleek irakurketa zuten ia zaletasun bakar. Orduan, irakurle kopuruak gora egin duen arren, irakurle bakoitzak ez du hainbeste irakurtzen. Dauzkagun irakurleek gainera, euskaraz aparte, beste hizkuntzaren batean ere irakurtzen dute. Hortaz, lehiakide asko xamar dituzte gure liburuek.
I.A. Irakurle asko izanda ere dena gutxi, euskal kulturan badira genero batzuk ia-ia desagertuak daudenak, bata saiakera...
X.M. Saiakera baino okerrago daude poesia eta antzerkia...
I.A. Bai bai, baina saiakeraren kasuan, beste hizkuntza batzuetan ere horrela da. Ezinbestean, badaude genero batzuk oso larri ibili behar direnak. Horrez gain, kontuan izan behar da liburu bat argitaratzean ez dakigula zenbat irakurle izango dituen, eta horren adibide da best seller-ekin gertatzen zaiguna. Nik best seller-ak ere euskaraz nahi ditut. Eta Europa osoan irakurtzen diren liburuak gurean irakurtzen ez badira, arazoak dauzkagula iruditzen zait. Itzulpenak ere horren froga dira, gurean itzulpenak funtzionatzen ez badute guk hanka bat herren dugu, oso herren, kultura normal bat izateko, eta gu horren alde gaude. Hor ikusten dut nik benetako gabezia eta ahuldadea.
Nolako da, zuen ustez, euskal irakurlea?
I.M. Euskal irakurlearen ezaugarri nabarmena euskaraz irakurtzeaz gain beste hizkuntzetan ere irakurtzen duela da, batik bat, gazteleraz, baina gero eta gehiago ingelesez edo frantsezez. Euskal irakurlea oso irakurle kualifikatua da eta literaturazalea. Ezin zaio hain erraz engainatu.
I.A. Ez dugu gure irakurlea ezagu-tzen. Badakigu zein den gure irakurle potentziala, garai batetik datozen irakurle kualitatiboki oso konpetenteak. Baina horiek ere adin batetik gora doaz eta beste jende berria inkorporatzen ari da irakurketa mundura.
X.M. Giltzarria ez da irakurleak ezagutzea baizik eta irakurle berriak geureganatzea.
Gazteleraz euskaraz baino gehiago irakurtzen da. Nola ikusten duzuen euskararen egoera?
X.M. Kontuan izan behar da ditugun egunkari guztietatik bakarra dela euskaraz. Euskaldunak ahulegiak eta gutxiegiak gara kultura sendo eta burujabe bat izateko.
I.M. Plazaratu ditugu gazteleraz argitaratu ez diren liburuak eta ba-tzuk ondo funtzionatu dute. Aukerak bilatzea ere garrantzitsua da. Gaztelera eta euskararen artean ez dago etsaitasunik, lehia baizik.
X.M. Euskara eta gaztelania ezin dira aldi berean hitz egin, beraz, de facto badago hor lehia bat. Orduan, aldamenean hizkuntza bat dugula bizi beharra daukagu. Asmoa ez da gaztelania baztertzea, baizik eta bizikidetzan euskararentzat leku duin bat ziurtatzea.