Donostia. Txalapartak Txo! izeneko haur bilduma estreinatu berri du OQO sona handiko argitaletxe galiziarrarekin egin duen akordioari esker. Bi enpresek koedizioaren formula erabiliko dute 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzako urtero sei liburu kaleratzeko. Kokoriko, Aharrausi printzesa eta Basoak badu sekretu bat dira saileko lehen tituluak. Txalapartako Mikel Sotok esan zuenez, Pontevedrako argitaletxeak kaleratutako onenak dira, jasotako nazioarteko sariengatik eta publikoaren harreragatik.
Kokoriko Marisa Nuñezek idatzi eta Helga Banschek marraztu du; Aharrausi printzesa ipuinaren egilea Xabier Sobrino da eta Basoak badu sekretu bat lanarena Carmen Gil; bi liburu horien irudiak herenegun Euskadi saria jaso zuen Elena Odriozola marrazkilari donostiarrak egin ditu. Testu guztiak Arkaitz Goikoetxeak euskaratu ditu gaztelaniatik abiatuta.
Sotok adierazi zuenez, "tradizioa eta abangoardia" dira sail berriaren ezaugarriak. Gainera, hitz eta irudien "poesia" goraipatu zuen baita ere. Txo! bildumako edizioak txukunak baino txukunagoak dira, papera eta tintaren kalitatea ezin hobea baita.