Gabonak pasa dira, etxe askotan opariak dagoeneko ireki dira, eta haur zein nerabe askok bideojokoren bat jaso dute Olentzero eta Mari Domingiren eskutik. Kontsolak piztuta daude, pantailak martxan, eta horrekin batera ohiko galderak berriro azaltzen dira: zer nolako oparia izan da bideojokoa? Aukera egokia izan da ala kezkarako arrazoia?

Gizartean oraindik ere ikuspegi kontrajarriak daude bideojokoen inguruan. Alde batetik, entretenimendu huts gisa ikusten dira; bestetik, arriskuarekin lotutako produktu gisa ere ikusten dira. Hala ere, azken urteotan gero eta aditu gehiagok azpimarratzen dute gakoa ez dagoela jokoan bertan, baizik eta erabileran, testuinguruan eta helduen laguntzan. Ildo horretan, Martín López psikologo kliniko eta pedagogoak gogoratzen du bideojokoak “ez direla berez kaltegarriak, baina ezta neutraltasun hutsa duten objektuak ere: harremanak, arauak eta denboraren kudeaketa behar dituzte”.

Testuinguru horretan, galdera nagusia ez da ea bideojokoak opari onak diren ala ez, baizik eta nola eta zertarako erabiltzen diren.

Zergatik dira bideojokoak opari egoki bat?

Gabonetako opariak ireki ondoren, bideojokoak izan dira berriro etxe askotako aisialdiaren erdigune. Haurren eta nerabeen kasuan ez ezik, gero eta gehiago helduen artean ere. Horrek erakusten du bideojokoek belaunaldiak zeharkatzen dituztela eta aisialdi-modu partekatu bihurtzeko gaitasuna dutela.

Adituen arabera, bideojokoen indargune nagusietako bat erabiltzailearen inplikazioa da. Ez dira eduki pasiboak: jokalariak erabakiak hartu behar ditu, arazoei aurre egin, eta egoera berrietara egokitu. Martín López psikologo kliniko eta pedagogoak azpimarratzen du ikuspegi horretatik ulertu behar direla: “parte-hartzea, arreta eta motibazioa eskatzen duten tresnak dira, eta horrek ikaskuntza-prozesuak aktibatzen ditu”.

Bestalde, eskaintza gero eta zabalagoa da. Badira erritmo lasaiko jokoak, sormena lantzen dutenak, narratiban oinarritutakoak edo talde-lana eskatzen dutenak. Horrek aukera ematen du adinari, interesari eta heldutasun mailari egokitutako oparia aukeratzeko, eta horrek garrantzi berezia du familiaren ikuspegitik.

Azkenik, bideojokoak aisialdi digitalaren parte dira, eta haur eta nerabeen eguneroko errealitatetik kanpo uztea gero eta zailagoa da. Testuinguru horretan, adituek diote egokiagoa dela erabilera arduratsua sustatzea, debekua sustatzea baino. Lópezek berak dioenez, “aukera ona izan daitezke baldin eta helduen interesa erakusten badute, jokoaren inguruan hitz egiten bada eta arauak adostuta badaude”.

Frogatutako onurak

Azken hamarkadetan, bideojokoak ikerketa ugariren aztergai izan dira, eta gero eta gehiago dira haien erabilera neurtu eta testuinguruan jartzen duten lanak. Ikuspegi orokor batetik, adituak bat datoz ideia batean: neurriz eta egoki aukeratuta, bideojokoek hainbat onura ekar ditzakete garapen pertsonalean.

Alde kognitiboari dagokionez, hainbat ikerketek erakutsi dute bideojoko jakin batzuek arreta mantentzeko gaitasuna, erabaki azkarrak hartzea eta informazioa prozesatzeko abiadura lantzen laguntzen dutela. Arazoak ebazteko jokoek, bereziki, estrategiak sortzera eta akatsetatik ikastera bultzatzen dute jokalaria. Martín López pedagogoaren arabera, “porrota kudeatzeko modu segurua eskaintzen dute, huts egitea ez da amaiera, baizik eta berriro saiatzeko aukera bat”.

Bestalde, sormena eta irudimena ere lantzen dira. Mundu irekiak edo eraikuntzan oinarritutako jokoek (narrazioa edo diseinua lehenesten dutenek) adierazpen pertsonala sustatzen dute, eta jokalariari bere erritmora sortzeko aukera ematen diote. Horrek lotura zuzena du autoestimarekin eta autonomia sentimenduarekin.

Gizarte-dimentsioa ere aipagarria da. Bereiziki joko kooperatiboetan, komunikazioa eta arduren eta helburuen banaketa lantzen dira. Lópezek azpimarratzen du bideojokoek “elkarreragin sozialerako espazioak sortzen dituztela, betiere harremanak modu osasuntsu batean gidatzen badira”. Horrez gain, estresaren kudeaketan ere lagungarri izan daitezke, deskonexio mentala eta plazerra eskaintzen dutelako, betiere denbora-mugak errespetatuta.

Arriskuak eta kezka nagusiak

Bideojokoen onurez gain, ezinbestekoa da arriskuez ere hitz egitea. Adituen arabera, arazoa ez da jokoa, baizik eta erabilera desegokia. Gabonen ondoren, ohikoa izaten da pantailen aurrean emandako denbora handitzea, eta horrek kezka pizten du familia askotan.

Arrisku nagusietako bat gehiegizko erabilera da. Denbora-mugarik gabe, bideojokoek beste jarduera batzuk ordezka ditzakete: lo-orduak, aurrez aurreko harreman sozialak edo jarduera fisikoa. Martín López psikologokoak ohartarazten du “seinalerik argiena ez dela jolasteko denbora, baizik eta jokoa uzten ezintasun emozionala”.

Bestalde, eduki desegokien esposizioa dago. Indarkeria-maila handiko jokoek edo hizkera bortitza dutenek eragin desberdina izan dezakete adinaren eta heldutasun mailaren arabera. Horregatik, adituek azpimarratzen dute adin-sailkapena errespetatzearen garrantzia, baina baita jokoaren edukia ezagutzea ere.

Ekonomiari lotutako arriskuak ere badaude. Erosketa txikiek eta “loot box” deritzenek presio psikologikoa sor dezakete, batez ere adingabeengan, eta kontrolik gabeko gastua eragin dezakete. Lópezek gogorazten du horrelako mekanikek “zorizko sariaren logikoa normalizatzen” dutela, eta horrek arreta berezia eskatzen duela. Bere gomendioa jokoaren barruan erosketak eskaintzen ez dituzte jokoak aukeratzea da.

Azkenik, isolamendu sozialaren beldurra ere agertzen da maiz. Jokoa bakarkakoa eta testuingururik gabekoa denean, arrisku hori handitu daiteke. Hala ere, adituen arabera, isolamendua ez da bideojokoaren ondorio zuzena, baizik eta erabilera-ereduaren emaitza.

Zer hartu kontua bideojoko bat aukeratzerakoan?

PEGI adin-sistema: orientabide bat da, ez arau absolutua. Edukiek eta haur edo nerabearen adinak bat egiten duten kontuan hartzen du.

Jokoaren iraupena eta erritmoa: partida laburrak ala saio luzeak eskatzen dituen, eta eguneroko errutinara egokitzen den.

Online jolasteko aukera: ahots bidezko komunikazioa eta jokalari ezezagunekin harremanak eskaintzen dituen edo ez. Gurasoen kontrola garrantzitsua da.

Erosketarik gabeko jolasa izatea: kontrolik gabeko gastua ekiditea garrantzitsua da, eta aukera egokiena oinarritik hori saihestea izango da.

Helduen inplikazioa: jolasa ezagutzea, interesa erakustea eta erabileraren inguruan hitz egitea. Martín López psikologoaren arabera, “jarraipena da babesik onena”.

Bideojoko kooperatiboak

Bideojoko kooperatiboek indar berezia hartu dute azken urteotan, eta Gabonetako oparien ondoren askotan bihurtzen dira etxeko aisialdiaren ardatz. Joko mota hauetan, helburua ez da elkar garaitzea, baizik eta elkarrekin aurrera egitea, eta horrek ikuspegi hezitzaile interesgarria eskaintzen du.

Lópezen arabera, joko kooperatiboek komunikazioa, koordinazioa eta pazientzia lantzen dituzte. Jokalariek rolak banatu behar dituzte, elkarri lagundu eta frustrazioa kudeatu. Psikologo kliniko eta pedagogoak azaldu du testuinguru egokian joko hauek “talde-lanaren simulazioa seguruak” direla, eta eguneroko harremanetan erabilgarriak diren gaitasunak aktibatzen dituztela.

Bideojoko kooperatiboek onura asko ekar ditzakete, besteak beste, komunikazio gaitasunak trebatzea. Freepik

Eskaintza zabala da, eta adin eta gustu askotara egokitzen diren proposamenak badaude. Adibidez, It takes two jokoak elkarlan hutsean oinarritzen du esperientzia, eta jokalari batek bestearen beharra du aurrera egiteko. Overcooked jokoak, berriz, kaosaren bidez komunikazio argia eta antolaketa lantzen ditu, barrea eta tentsioa uztartuz. 

Horrelako jokoek, bideojokoen inguruko irudi indibidualista apurtzen dute, eta pantailaren aurrean ere harreman sozialak eraiki daitezkeela erakusten dute. 

Taldean jolastea

Online moduko jokoen gorakadarekin batera, azken urteotan berriro indarra hartu du kontsola bakarrean, espazio berean, elkarrekin jolasteko aukerak. Gabonetako oparien ondoren, askotan egongela bihurtzen da jolasgune, eta pantaila bakarrak hainbat jokalari biltzen ditu.

Adituen, arabera, “sofa gaming” deituriko esperientziak balio sozial berezia du. Jokalariek unea partekatzen dute, elkarri begira, emozioak zuzenean adieraziz. López psikologoak azpimarratzen du horrelako testuinguruetan “helduek errazago ikusten dutela nola jokatzen den, nola kudeatzen den porrota edo garaipena, eta nola sortzen diren dinamikak”.

Taldean jolasteak aukera ematen du denbora-mugak modu naturalean ezartzeko, txandak errespetatzeko eta arauak adosteko. Gainera, lehiakortasuna badagoenean ere, partekatua da, eta horrek tentsioa arintzen laguntzen du.

Kontsola bakarrean jolasteko aukera honek bideojokoak aisialdi isolatutik ateratzen ditu, eta familia edo lagunarteko esperientzia bihurtzen ditu. Horrek erakusten du bideojokoak ez direla zertan bakardadearekin lotu behar, testuingurua egokia denean. n