bilbao. "Txirrindularitza bai, inposaketarik ez" leloaren gainean, ESAITek Espainiako Vuelta ez duela hankaz gora jarri nahi esan zuen prentsaurrekoan. Halere, instituzioekin harremanetan jartzeko momentua dela esan zuen eta sentimendu identitarioarekiko eta hizkuntzarekiko errespetua eskatu zien itzuliko antolatzaileei.
Nahiz eta Patxi Mutiloak, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak, Espainiako itzulia euskal zaletuen-tzat opari gisa aurkeztu zuen, ESA-ITek erabaki politikoa besterik ez zela izan nabarmendu zuen: "PPk eta PSEk espainiartasun kutsua Euskal Herrian txertatzeko erabili zuten, Espainiako saski baloi selekzioaren gonbidapena Gasteizera etortzeko eta Espainiako futbol selekzioaren aldeko sentiberatasun kanpaina bezala".
ESAITen ustez, irailaren 9an eta 10ean, 33 urte ondoren, Espainiako Vuelta Euskal Herritik pasatzea probokazioa eta sarkasmoa besterik ez da, txirrindularitza mailan zaletu asko egon arren: "Euskal Herrian zaletu asko eta onak daude. Hori begibistakoa da eta gainera Jeans Voigtek, txirrindulari profesionalak, ere aitortu du orain gutxi hedabideetara bidalitako gutun hunkigarri batean".
Baina PSEk eta PPk normalizaziorantz jotzeko aukera bat dela uste dute: "Ez dugu inoiz onartuko normalizazioaren izenean kirolaren erabilpena PSE eta PPren estrategiaren mesederako. Baina nola hitz egin dezakete aipatu normalizazioaz, gaur egun oraindik euskal kirolariak Espainia edo Frantziako selekzioarekin aritu beharrean daudenean, beraiek gureari ate guztiak itxi dizkiotela".
Gainera, beraien iritziz, itzulian dirutza gastatu beharrean, Urkiolako edo Arrateko igoerak bultzatu beharko lituzkete. Burgos jarri zuten adibide, non ez den Espainiako Vuelta pasatuko eta bertako birak bultzatuko diren.