Gogoeta gelditzea da, arnasa hartzea, galdera bat zabaltzea munduan leku bat bilatzeko. Eta hori, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da. Informazioaren gehiegikeriak, iritzi azkarrek eta bizkortasunaren kulturak erraztasun faltsua eskaintzen diguten honetan, filosofia da pausoa moteldu eta ikusten ez genuena ikusarazten diguna. Galdetzea, hausnartzea, sakontzea… gure bizitzen hezurdura etikoa eta pentsamendu kritikoa da. Eta hori gabe, errealitatea besteek marraztutako mapa bihurtzen da.

Horregatik jaio zen Txinparta Filosofia –Euskal Herriko filosofiazaleen sarea– (txinpartafilosofia.wordpress.com) joan den martxoan aurkeztu zen prozesu eta proiektu kolektiboa: Euskal Herriko filosofiazaleak, hezitzaileak, sortzaileak eta herri-eragileak saretu eta elkartzeko espazioa. Ez soilik teorien zabalkundea helburu izateko, baizik eta pentsatzeko moduak trukatu, partekatu eta berritzeko. Txinparta filosofia ardatza hartuta, pentsamendu kritikoa eguneroko bizitzara ekartzeko borondate praktikoa da. Plaza publikoan kokatu nahi dugu filosofia, eta ez akademiaren hormen artean itxita.

Ikasturte honetan, helburu hori bera josi eta elikatzeko, Elkar & Hizketa filosofikoak egitasmoa jarri dugu martxan. Gune irekiak dira, non filosofia beste arloekin nahastuko den: gizarte-mugimenduekin, kulturarekin, hezkuntzarekin, komunitate-eragileekin. Izan ere, sinesten dugu gogoetak ez duela bakardadean izpirik egiten: elkarrizketan pizten da, galderez eta bestelako begiradez elikatuta. Formatu hau espazio komun bat da, elkarrekin irabazteko: bakoitzak dakarrena emateko, eta besteengandik jasotzeko. Azken batean, filosofia bera da: zubi bat, distantzien gainean pasabide bat, hizketaren bidez eraikia.

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.

Eta lehen zubia abenduaren hasieran bertan dago. Euskararen egunaren testuinguruan, biharamunean. Gaur, 19.30ean, Donostiako Egian, Teila Fabrikan, ospatuko dugu ikasturte honetako lehen Elkar & Hizketa filosofikoa. Saioaren izenburua da: Joxe Azurmendi gaur, eta elkarrizketan arituko dira Aiora Enparantza (Bagera elkartea) eta Haritz Azurmendi (Jakin aldizkariko kidea). Euskara, euskal pentsamendua eta filosofia lotzen dituen hari bizi eta eguneratua jorratuko dute: nola ulertu gure gaur egungo erronkak –hizkuntzaren biziraupena, kultura-politikak, komunitatearen eraikuntza-- Azurmendiren pentsamendu oparo eta zorrotzaren argitan.

Teila Fabrikaren eta Txinparta Filosofiaren eskutik antolatutako ekimena da, Bagera eta Jakin elkarteekin lankidetzan. Eta gonbidapena zabalik da: pentsatu nahi duten guztientzat, galderak egin nahi dituztenentzat, hitzak elkarrekin mugitzeak sortzen duen indarra sentitu nahi dutenentzat.

Animatu eta etorri. Filosofia eta pentsamendu kritikoa ez da bakartasunean sortzeko; elkarrekin egiteko da. Etorri ondo pasatzera eta gozatzera… entzun, partekatu, eta piztu dezagun elkarrekin gure artean jendartean behar den txinparta.