Imanol Pradales eta euskal sindikatuei Hezkuntza Publikoko irakasle jubilatu bat naiz, Ikastola Publikoan ibilitako seme alaben ama eta Ikastola Publikoan ditut bi biloba. Gainera, garai bateko Ikastola klandestinoetan ibilitakoa naiz baita ere.

Lehendakari jauna,

Nazio bat garela defendatu duzue behin baino gehiagotan. Nazio baten etorkizuna bermatu eta zaindu nahi badugu, ezinbestekoa da Hezkuntza Publiko indartsu eta duina bultzatu eta defendatzea, eta denen altxor bat dela sinistea.

Urkullu jaunari entzun nion, azkenetako agerraldi batean, nola zuzendu zen enpresaburuei, langile gazteen soldata eta baldintza duinak defenda-tzeko. Gauza bera eskatuko nizuke zuri, Pradales jauna, irakasle publikoen buru zeran aldetik.

Euskal Eskola Publikoa krisi handi batean murgilduta dago arrazoi ezberdinengatik. Horien artean nabarmenduko nuke, eskolara iristen diren ikasleen arazo eta beharrei erantzuteko ezintasuna. Ez al da garaia diagnostiko zintzo eta sakon bat egiteko?

Gustatu zitzaizkidan, lehendakari, kargua hartu zenuenean, Osakidetzarekiko izan zenituen hitzak. Baina, aldi berean, kezka handia sortu zitzaidan Hezkuntza Publikoaren defentsarik ez nuelako entzun egun hartan. Noizko Euskal Eskola Publikoa eraldatzeko "mahaia", Osakidetza hobetzeko asmoarekin egin den moduan? Eskola Publikoak errekurtso gehiago behar ditu.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Alderdi Politiko batzuei hauxe eskatu nahi diet: Utz ezazue behingoz Ikastolarekiko daukazuen "konplexua", ez zaudete zorretan jada.

Ikastolek 90. hamarkadan publifikatzeko aukera izan zuten, erreztasun handiak eman zitzaizkien. Lekukoa izan nintzen 1994. urtean Altzako Institutoan Eskola Publikoaren Oposaketen tribunal baten buru izan nintzenean. Egun haietan, beretan, Ikastoletako irakasleek aukera izan zuten funtzionario izatera pasatzeko, nahiko errez.

Nola da posible oraindik orduan publifikatu ez ziren ikastola eta itunpeko sareko ikastetxe pribatuentzako inbertsioak finantzatzeko ematen zaizkien diru laguntza handiak mantentzea?

Honetan jartzen duzuen indarra, Publikoak ez diren ikastola eta kontzertatuetara iristen diren ikasle ani-tzen matrikulazioaren exijentzian jartzea eskatuko nizueke, ez baitut ikusi orain arte. Baina horretarako Eskola Publikoa denona eta denontzat dela sinistu egin behar da, Pradales Jauna.

Sindikatuei hau eskatu nahi diet: Greba egitea langileen eskubidea eta erraminta on bat da presioa egiteko, dudarik gabe. Hau esan ondoren, imaginazio gehiago eskatu nahi dizuet indarra egiten jarraitzeko. Greba ez da bide bakarra. Gaurko ikasleak pandemia pairatu zuten ikasleak dira gehienak. Zigor hau ez dute merezi. Gaur eskola, bihar greba, etzi inauteriak, etzidamu eskola, jarraian oporrak. Bueltan zubia eta hurrengoan greba berriro... Zein ikasle zentratu daiteke egoera honetan? Jar ditzagun, beraz, burruka honen erdigunean ikasleak eta haien eskubideak.

Eta azkenik, greba egunetan, familien konziliazioan aitona-amonek daukaten papera aipatzera nator. Agian animatuko nituzke haiek ere greba egitera. Izango dute eskubidea baita ere, seguraski...