Jose Migel Zumalabe Mendiburu donostiarraren izena izango du Loiola auzoko kale batek, Udalak hartutako erabakiaren ondorioz. Merezimendu osoz nere iritziz.
Gertuko pertsona izan zen neretzat eta urteek ematen duten perspektibaz baliatuz, esan dezaket ezagutu dudan gizakirik inteligente eta atseginenetakoa izan zela. Baita dotorea ere, hitzaren zentzu zabalenean.
Euskera izan zuen ardatz Jose Migel Zumalaberen bizitzak. Famili-gizon eredugarria, sendo ezarri zuen euskerarekiko grina Koro alabarengan eta Joxemi semearengan, azken hau Egunkariaren sortzailea.
Zumalaberen euskalzaletasunak bazuen bi hitzetan adierazi daitekeen ezaugarria: aktibismoa eta pragmatismoa, hain zuzen ere. Ez zuen asko hitz egiten euskerari buruz, baina beti prest agertzen zen asmoz eta jakitez gure hizkuntzaren eremu latzean zerbait sortzeko. Hainbat jardueraren artean bi aipatuko ditut: Batxiler mailako lehenengo euskal ikastetxearen (Santo Tomas Lizeoa 1961 urtean) sortzaile eta funtseko egilea eta 1960ko hamarkadan Andereinoen Erresidentziaren bultzatzailea. Azken honen bitartez ehundaka irakasle euskaldun (andereinoak) formazio berezia jaso ahal izan zuten, batik bat zetorren ikastolen legalizazioaren aurrean. Anekdota interesagarri eta esanguratsua agertzen da Santo Tomas Lizeoaren hastapenetan. Legalizazioa zela-eta ministerioaren inspektore baten bisita aurreikusia zegoenez, Zumalabek, nola ez, bere burua eskeini zuen harrera emateko. Inspekzioa aurrera zihoala, halako batean ikuskatzaileak “Veo que tienen ustedes unos carteles en vascuence” bota zuen. Zumalabek bere pertsuasio guztia erabiliz, “sano regionalismo” eta horrelako topikoetara jo zuen, hala beharrez. Zorionez, lasaitze ederra hartu zuen inspektoreari hau entzun zionean “Pues me parece muy bien. Yo soy valenciano y a mis hijos les hablo siempre en valenciano” . Gizon hori, Zumalaberi egokitu zitzaion perla isolatu bat izan zen. Zorte on honek ateak zabaldu zizkion Santo Tomas Lizeoaren legalizazioari eta agian ondoren etorriko ziren euskal hezkuntzaren ekimenei.
Bidali zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Jose Migel Zumalabe matematikaria zen izatez, bai eta pintorea bokazioz eta aparejadorea ogibidez. Beti nolabaiteko espiritu kartesiarrarekin, alegia errealitea onartuz eta berau aldatzeko prestatuz. Donostian 1950- 60ko hamarkadan izan zen giro artistikoan murgildu eta bertan izan ziren tertulietan parte hartu zuen. Bada garai hartako pasadizo bat nik gazteetan entzun nuena. Ageri denez, Jorge Oteizak (zein Zumalabek nahiko miresten zuen) bazeraman eten gabe tertulietan hiperboloideaz gora eta behera hitz potoloekin berban. Zumalabe (matematikaria beti) apur bat aspertuta zegoen Oteizaren perorata horiekin eta hara nola galdetzen dioen “Don Jorge cuando habla usted del hiperboloide a cual se refiere, al eliptico o al hiperbólico”. Oteizak bere harridura erakutsi zuen bi hiperboloide mota zeudela jakitean. Jose Migel Zumalabek errealitate matematikoa bere lekuan jarri nahi izan zuen; baina inongo harrotasunik gabe, ez baitzuen handimandikeriaren izpirik txikiena ere.