Euskararen egoera Pesan
Uztailaren 8an, Bergaran, goizeko 10.45ean Gasteizerantz zihoan autobusera sartzerakoan, "Landan geratzen da autobus hau?", galdetu nion gidariari. Berak, ordea, honako erantzun onartezina bota zidan: "¡En vasco no, en español!". Eta nik, ezustekoagatik, horrela egin nuen. Beragandik hurbil eseri eta esan zidan: "¡¡La próxima vez que me preguntéis en vasco os voy a contestar a todos que no!!". Orduan, nik ahotsa altxatu gabe zera esan nion: "Yo creo que tendríais que tener un servicio mínimo por lo menos en euskera. Y si no lo entiendes, me dices que te pregunte en castellano y aunque me fastidie lo diré como ahora lo acabo de decir". Berak, ordea, bereari eutsi zion, bere lekutik jaiki eta niregana etortzean nahiko tonu oldarkorrean zuzenean iraindu ("capullo" deitu zidan) eta bertako hizkuntza ofizial bakarra española zela behin eta berriz esateaz gain, "¡si no sabes nada cállate y a mí me hablas en castellano y punto!" erantzun zidan.
Nik eta nire lagunek ez genion erantzun, ikusten ari baikinen autobusetik bota gintzakeela (edo beste gauza okerragoren bat ere bai...) eta eguneko plana pikutara joango zela. Landara bidean, Aretxabaletan geratu eta neska batek ordaintzerakoan "Landara" (hau da, euskaraz) esatean, nahiko argi eta ozen, gidariak gorrarena egin eta "si no me dices a donde vas te cobro el viaje más largo" eran-tzun zion?
Horrelako egoera lotsagarri batekin ikus daiteke Pesak egin duen euskararen aldeko apostua, negargarria. Gertaera hori gero eta jasangaitzagoa eta erabat salagarria egiten zait. Gure kulturarekiko, legeekiko eta norbanakoekiko errespetu falta larriegia da. Pesari berehalako neurriak eskatzeko modukoa, gutxienez.