DENBORA tarte bat igaro eta gero, hausnarketa pertsonala. Badirudi hiri guztia duela bi hilabete emandako Olatu Talka deritzon "gertaeran" parte hartuko balu bezala, irudikatu edo ikustarazi nahi digutela. Akaso baliteke ala izatea, baina nire ustez, hainbat gertaera bitxi ikustarazi zizkigun aste-bukaera horrek. Gogoan dut oraindik, alde zaharreko Boulevard edo eta Konstituzio enparantzan, tabernek ipintzen dituzten itzalkin-ei buruzko gatazka, denak estilo berdinekoak, tabako edo eta alkoholik gabeko iragarki edo propaganda beharrekoak ziren izan, garai hartan zegoen mentalitatea edo legea zela eta. Aldiz, Olatu Talka honek izan duen babesle garrantzitsuenetako bat, garagardo marka ezagun bat da, Alderdi Eder-en esate baterako ipini ziren karpa guztiak bere izenaz josiak zeuden.
Bestalde edozein tabernek, hotelak? arazo handiak izaten ditu itzalkin hauek ipintzeko garaian, baina badirudi, hemen ez dagoela arazorik. Donostia guztia karpa eta bestelako elementuez josirik zegoen.
Zer esanik ez du errepide edo kaleetako itxiera, esate baterako Garibai kalean, Kutxa parean egindako eszena lekua ipintzeko, non, dena esan beharra dago, oso gauza gutxi eta are jende gutxiago egon zen. Honetarako itxi behar al da hiri honetako gunean libre gelditzen den kale bakarretako bat?
Bestalde, galdera hauxe izango litzateke; zein intentzioz egin zen aste bukaerako muntai guzti hau?, hau da hiru egunetako ekimen edo ikuskizun hauen bitartez Donostiak 2016rako txartel gehiago al dituela uste al da? Nik uste dut ezetz, kultur hiri bat ez dela bide honetatik lortzen, baizik eta Musikene, San Telmo edo eta Tabakalera bezalako proiektuen indartze eta benetako suspertzearekin. Bestalde, hiri honetan egiten diren kultur mugimenduek irteera izan dezaten, Donostia Kultura armiarman barneraturik egon behar du, bestela akabo. Nire ustez, administrazio aldetik, laguntzak egon behar dira noski, baina laguntza hau, ekimenen suspertzerako beharko lukete izan eta ez hauen kontrolperako, horrela ez da naturaltasunez kultura hiri bat lortzen.
Egun, edozein hirik edo herrik aukera du hiru egunetako musika, antzezlan, eta abarrez osaturiko "pakete" bat ekoizteko, bai Parisen "la nuit blanch" bezalakoez, baita Pirineotako herri txiki batek ere, azken finean diru kontua da, besterik ez. Baina honekin ez dezagun pentsa gehiagorik lortzen dela. Gure egin beharra bestelakoa da. Hiri eta herrialde bezala lan egin, eta luzera begira oinarritutako proiektu batetan oinarritu. Eskolan ilobek abesten zuten abestiak dioen bezala denborarekin "? haziak lore eta kumeak txori ?" bilakatuko dizkigun proiektua.
Nire ustez aste bukaera hartan emandakoa, soilik aste bukaera bat izan zen, ondo egon dena, baina besterik ez. Norbaitek pentsatu al du, zein joan den (parte hartzen zutenen kide, familiez aparte) ikuskizun hauetara?
Bestalde zorionak udaletxeko gobernuan daudenei, benetan lan asko egin bai dute, batetik bestera joanez, aste bukaera osoan. Argazkiaren bila edo ez, hori beste gauza bat da.
P.S: Zer esanik ez du Realari udaletxeak eginiko ongi etorrian emandako "garrasi jendetsua" -k. No comment. Baina kurioso, ekitaldi jendetsuena eta arrakastatsuena, kalejira. Eta hau nork antolatu zuen?
Oianko Txoperena