Erik Balenciaga: “Emaitza ona behar dugu Bidasoaren aurka; bestela, Artalekun asko sufrituko dugu”
Erdiko zarauztarraren MT Melsungen taldeak Irudek Bidasoa Irun jasoko du astearte honetan Alemanian
Erik Balenciaga Azkue (Zarautz, 1993) “gustura” dabil MT Melsungen Alemaniako taldean, “ohituta” bertako bizimodura, “ez dela erraza”. Hainbeste neurketa eta euren maila hasteko, baina hortik kanpo, “eguzki falta” bere kirol ibilbideko aurreko geltokiekin alderatuta. 2015ean atera zen Zarauztik Pontevedra aldera, eta orduz geroztik, Iruñea, Logroño eta Toulousetik pasa da.
Roberto García Parrondo entrenatzaileak hura nahi zuen bere taldearen joko zuzendari, eta duela bi uda iritsi zen taldera. Hilabete gutxitara, kontratua 2027ra bitartean berritu. Gauzak bikain hasi zirenaren seinale. Astearte honetan Irudek Bidasoa Irun jasoko dute (18:45ean) EHF European League-ko final laurdenetako joaneko neurketan.
Iritsi eta hilabete gutxitara, kontratua luzatu. Hori da konfiantza erakustaldia bi norabidetan.
—Hasieratik lehenengo kontratua sinatu nuenean esan zidatela luzera begiratzen zutela, eta dena ongi bazihoan, luzapena eskainiko zidatela. Horrela izan zen eta asko ez nuen pentsatu, helburua hemen geratzea bainuen. Beste bi urte dauzkat, eta ojala gehiago izatea.
MT Melsungen nola aurkeztuko zenioke euskal zaleari?
"Melsungen orain arteko goiko taldeekin (Kiel, Flensburg, Magdeburg eta Berlinekin) xaxatzen aritu nahi duen kluba da"
—Goraka doan klub bat da, pixka bat internazionalizatu den taldea da, orain arte gehiago Alemaniara begiratzen zuelako. Entrenatzaile espainola sartuta internazionalitatu da kluba. Orain arteko goiko taldeekin (Kiel, Flensburg, Magdeburg eta Berlinekin) xaxatzen aritu nahi duen kluba da. Hor inguruan egon nahi dugu. Horien pare ez dut esango jarriko garenik, historia asko falta zaigulako, baina horiekin egon nahi dugu.
Zer nolako garrantzia dute enpresak eta babesleek Alemanian?
—Asko. Babesle pribatu bat edo bigatik existitzen den talde bat da, eta elkar harremana sendotu, hobetu eta asko zaindu behar da. Lehenengoz maila honetan Toulouse-n ikusi nuen, orain arte Asobal Ligan ez zen hainbesterako egiten. Orain ikusten da partida aurretik eta ondoren zenbat jende mugitzen den, edozein enpresetakoa.
Munduko Ligarik onena izanda, begiratzen al da Alemaniatik beste liga batzuetara, Asobalera adibidez?
—Bai eta ez. Asobalen eta Frantzian nengoenean ez genion hainbeste Alemaniara begiratzen; eta hemen ez da hainbeste jarraitzen beste ligaren bat. Bere garaian ez genuen hainbeste baliabide kanpoko ligak ikusteko, streaminga bezala, baina orain eskubaloia gero eta gehiago zabaltzen ari da Europara, hazten ari da, eta entrenatzaile internazional gehiago sartuta Alemanian gehiago begiratzen da, baina kontuan hartuta munduko Ligarik onena dela, gehiago begiratzen zaio norberari kanpora baino.
Asobal Ligako maila vs. Bundesligako maila
Gai lirateke Asobaleko hainbat talde Alemaniako Ligan lehiatzeko edo alde zabalegia ikusten duzu?
—Ea, partidu batera, edo bi partidutara, edozeinek edozeini irabaztea daukala. Gero beste gauza da 34 partidako liga batean Asobaleko talde batzuk gai izango lirateke Alemaniako Ligan lehiatzeko, baina oraintxe bertan, Bundesligan talde askoz ere talde hobeagoak daudela.
Jokalarietan, asko doaz Asobal Ligatik Frantziara, ez hainbeste Alemaniara. Maila kontua? Joku mota kontua?
—Ohitura kontua dela esango nuke: Alemaniak beti begiratu izan du Iparraldeko herrialdeetara (Danimarka, Norvegia, Suedia…), eta Suitza, Austria edo Polonia aldera, eta Frantzia, aldiz, Espainiara edo Portugal aldera. Kontuan edukita urte askotan horrela izan dela, orain dena nahasten ari da, dena internazionalizatzen ari da, eta ikus ditzakegu herrialde desberdinetako jokalariak liga guztietan. Ez da erraza aldatzea.
Goazen denboraldi honetara. García Parrondoren eskutik, garapena nabarmena eta gora. Aurten, lesioak lesio, Kopako azken fasera berriz, Europan sendo eta Ligan, buruan. Non dago sekretua?
—Konstantzian, eta ondo egindako lan batean. Robertok bere buruan argi duen proiektua da, puzzle horretan behar zituen jokalariak aurten gero eta gehiago biltzen joan da eta asko lagundu taldearen garapenean. Lehengo urtetik hona pausu bat gehiago eman dugu eta gai izan gara hiru txapelketetan lehiatzeko. Egia da final bat galdu berri dugula, Ligan bederatzi final ditugula aurretik eta Europan, Bidasoa bezalako talde zail bat tokatu zaigula.
Zer puntutaraino izan zen kolpea Kopa ezin irabaztea joan den urteko esperientziaren ostean?
"Kopa ez irabaztea kolpe handia izan da eta aste guztian entrenamenduetan nabaritu da"
—Handia, gehien bat ikusita momentu batzuetan neurketa borrokatzeko aukera izan genituela. Joan den urtean gehiago ginen ea finalerdia irabazten genuen, baina aurten helburua bai zela irabaztea. Kielekin kontuan hartuta partidu pila jokatu ditugula aurten, bagenekien kapazak ginela partidu ona eginez gero, baina onartu behar da gu baino neurketa hobea jokatu zuela, eta merezimendu guztiz irabazi gintuela. Kolpe handia izan da eta aste guztian entrenamenduetan nabaritu den kolpea izan da, baina espero buelta ematea.
Liga irabazteko buru-belarri, klubean argi duzue: helburua, Europako txartela berriz ere lortzea oso garrantzitsua da.
—Bai, hori da, goiko postuetan mantentzea eta kapaz izatea urtetik urtera Europan sartzea. Klubaren izena gero eta gorago jartzea da. Kontuan ikusita zein den Ligako egoera, saiatuko gara irabazten, baina kontziente gara lan asko falta dela, Magdeburgok partidu asko dituela pendiente oraindik… Gauzak perfektu baino hobeto egin beharko ditugu.
Europan luzetik zatozte: lehen kanporaketa Elverumen aurka eta gero, Porto, Vardar, Kiel, Gummersbach… Soka luzea.
—Ibilbide ona da. Bigarren fasean lehenak sailkatzea genuen helburu, Gummersbacheko kanporaketa ez jolasteko, baina Kielek astindua eman zigun. Gummersbachen aurkako kanporaketan zalantza asko genituen ea lortuko genuen, taldea ez zegoen momentu onean eta kriston lana egin zuen. Orain arte egindako lana kontuan hartuta, horretan segi nahi dugu. Kanporaketa buru-belarri prestatuko dugu ahalik eta hobekien atera dadin.
"Erdi poza, erdi urduri"
Eta Europan, Bidasoa. Jakinda EHF Europa Leaguen gurutzaketak zozketarik gabe prest daudela, zer pentsatu zenuen elkar ikusteko aukera ireki zenean?
—Bueno… Alde handi batetik, zoriontsu. Ia urtero jolastu dut Irunen eta beti da pozgarria Artalekura joatea, bertako lagunak ikusi, etxekoak gerturatzea… Berezia da, baina egia da kontziente naizela ez dela batere erraza izango kontuan hartuta gainera bigarren partidua Irunen izango dela. Orduan, bueno… Barruan erdi poza, erdi urduritasuna dut.
Bidasoatik pasa gabe, baina hainbat jokalari dituzu ezagun. Haiekin hitz egin al duzu?
—Egia esan, ez, nahiko gauzak ditugu hemen eta han jokoan, baina gogoa dut baten bati toke bat eman eta ea astelehenean zer hegalditan iristen diren, edo astearte goizean kafe bat hartzeko. Beroketa baino lehen pistara saltatzen garen momentuan saiatuko naiz jokalari guztiei kasu egiten.
Zuek 2021ean bezala, aro berria hasi zuen Bidasoak udan. Nola ikusten dituzu?
"Lehen urtea da Bidasoa entrenatzaile berriarekin dabilela, paperaren gainean zaila izaten den zerbait aldaketa asko egoten direlako, baina izugarri ondo ari da"
—Primeran. Egia da lehen urtea entrenatzaile berriarekin, paperaren gainean esan dezakegu zaila izaten dela, aldaketa asko egoten direlako, baina Bidasoa izugarri ondo ari da. Hortxe dago borrokan, bigarren postuaren lehian, Europan sartzeko ez dut espero arazorik izango duenik, eta nik, behintzat, kanpotik ezin izan dut izugarri pila jarraitu, baina arerioak direla dakidanetik, gehiago jarraitzen ari naiz. Emaitza onak ari dira ateratzen eta momentu onean daude.
Nola ikusten duzu kanporaketa? Non daude gakoak?
—Gako garbiena guk etxean emaitza ona ateratzea da. Beraiek ez gaituzte ezagutzen, geuk haiek ere ez, eta hori aprobetxatu behar dugu lehen partiduan, ondo prestatu eta emaitza ona atera. Hori egiten ez badugu, badakit Artalekun asko sufrituko dugula.
“Emaitza on” horri zenbakirik jarriko zenioke?
—(Barre egiten du) Ez dakit, ez dakit… Emaitza ona? Ez dakit, jokoaren arabera… Badakit ez badugula irabazten gutxienez… Ez dakit, ez dakit zenbat esan. Hasten bazara sei golegatik irabazten eta bigatik irabazten baduzu, ba agian ez da emaitza ona; baina galtzen bazoaz eta bigatik irabazten baduzu, ba emaitza ona da. Kontuan hartuta Limogesek zenbat gol irauli zituen, kontuan hartuta Gummersbachen aurka bost gora ibili ginela, ba nik uste hortik ibili behar duen zenbakia dela. Bat edo bi golengatik irabazten badugu, asko sufrituko dugu; hiru edo lau ere, asko sufrituko dugu. Ez dut esango ez naizela konformatzen lau gora eginda, baina lasai uzteko emaitzik ez dago.
1.200 zale joan ziren Koloniara Kopara. Zarauztar asko hurrengo astearteko neurketan?
—Bai, bai, asko. Badakit askok bere kabuz erosi dituztela sarrerak. Nik hemen gutxi batzuk eskatu ditut, eta asko ikusiko ditugu. Etxeraka joko dut, eta bihotza erdibana egon arren, ea niri animatzen nauten!
Temas
Más en Balonmano
-
Éxito del Nantes de Kauldi Odriozola: a la Final Four de la Champions
-
El Irudek Bidasoa Irun ante Melsungen: un 'game over' europeo que quiere ser comienzo
-
El Bidasoa, sin opción ante el líder de la Bundesliga: Melsungen rima con Essen (22-32)
-
[Fotos] Las mejores imágenes del partido entre el Bidasoa y Melsungen