Super Amara, erabat ligari begira
Donostiarrek Morvedre hartuko dute asteazken honetan etxean (20.00etan)
Europan sekulako balentria egin ostean, Super Amara Bera Bera lehiara itzuliko da asteazken honetan, liga beste helbururik ez duela. European Leaguetik kanpo, eta dagoeneko Superkopa Iberikoa eta Erreginaren Kopa irabazita, iaz lortutako liga titulua berriro eskuratzea du begiz jota talde txuri-urdinak. Imanol Alvarezen neskek helduko diote berriro txapelketari Gascan, Morvedreren aurka (20.00etan).
Liga erregularra amaitzeko bost partidaren faltan, hirugarren postuan dago Bera Bera, bigarren sailkatua den Costa del Sol Malagak baino sei puntu gutxiagorekin, andaluziarrek partida bat gehiago jokatu badute ere. Donostiarrek sailkapenean gora egiten ahalegindu beharko dute, play-offari begira oso lagungarri izan daitekeelako. Gainera, Imanol Alvarezen taldeak, jokatu gabe dauka oraindik Mecalida Atletico Guardes liderraren aurkako etxeko partida eta, azkenean, hilaren 23an jokatuko dute Donostian. Galiziarrek Elxen kantxa bisitatuko dute gaur, eta bigarren den Malagak, aldiz, Elda Prestigio hartuko du etxean.
Morvedre
Aurrez aipatu dugunez, hamalau talderen artean azken-aurrekoa da Morvedre, orain arte jokatutako 21 jardunaldietan lau garaipen eta bi berdinketa baino ez baititu lortu.
Europatik kanpo European Leaguetik kanpoan geratzeak zapore gazi-gozoa utzi zuen Bera Beraren taldean. Alde batetik, alemaniarren kantxan partida bikaina jokatuta, Blomberg-Lipperen aurkako kanporaketa berdintzeko gai izan zen talde donostiarra; tamalez, azkenean, lehiaketatik kanpo geratu ziren penalti jaurtiketen dema erabakigarrian. Imanol Alvarezen jokalariek desengainu hori eta asteburuan egindako ahalegina gainditu beharko dituzte, lehiaketari berriro ekin eta ligako titulua berriro eskuratzen ahalegintzeko; lortuz gero, bederatzigarrena izango litzateke klubaren historian. Horretarako, lehiaketa kontinentalean erakutsitako joko ederra ligan islatzen saiatuko da talde gipuzkoarra.
Epaile lanetan, Nafarroako batzordeko Raul Oyarzun eta Aritz Zaragueta arituko dira.
Temas
Más en Balonmano
-
Éxito del Nantes de Kauldi Odriozola: a la Final Four de la Champions
-
El Irudek Bidasoa Irun ante Melsungen: un 'game over' europeo que quiere ser comienzo
-
El Bidasoa, sin opción ante el líder de la Bundesliga: Melsungen rima con Essen (22-32)
-
[Fotos] Las mejores imágenes del partido entre el Bidasoa y Melsungen