Bidasoa Irun oso antzu dabil etxetik kanpo, denboraldi honetan bi garaipen baino lortu ez dituelarik; irteera bakoitza zartako ederra bihurtzen da jokalari bidasotarren konfiantzarentzat, etxetik kanpoko ahulezia hori ulergaitza gertatzen zaielako.

Asobal ligan Cuencan (30-25) galdutako partidarekin minduta egingo dio aurre talde gipuzkoarrak gaurko norgehiagokari (18.45ean, ETB4/Dazn) Danimarkako Aarhus herrian, eta European Leaguen lidergoan dagoen Skanderborg talde handiari nagusitzen ahaleginduko da.

Europan, berriz, bestelako giroa bizi du Bidasoak hiru partidatan bi garaipen lortuta, beti etxean, eta Alemaniako Fuchse Berlin liderrari aurre egiteko gauza izan zelarik. Danimarkan garaipena lortuz gero, hurrengo faserako txartela ondo bideratuta legoke, aurrean izango duten arerioa maila handikoa bada ere.

Bidasoazaleak Danimarkako ligako sailkapenari soilik begiratzen badio, ez zaio horren aurkari sendoa irudituko, jaitsiera postuak baino bi puntu goitik baitago. Baina hori oso datu engainagarria da, Skanderborgek ez baitu partidarik galdu Europan, etxetik kanpo hiru garaipen lortuta, eta ligan ere azken lau neurketak irabazi dituelako, azkena Txapeldunen Ligan jokatu ohi duen Aalborg ahaltsuari.

Erasorako dituen jokalarien artean batzuk azpimarratzearren, Thomas Sommer gaztea, 20 urtez azpiko internazionala bere herrialdearekin eta mundu mailako eskubaloian izar berria; eta Faroe Uharteetan joka-tzen duen Hakum West hegalekoa, datozen denboraldietarako Kiel talde alemaniarrarekin milioi askoko kontratua lortu duena.

Defentsa funtsezkoa izango da gipuzkoarren helburua lortzekotan. Atzealdearen errendimendua azken irteeretan bezain kaskarra izaten bada –partidak galbidera eramaten dituzten partzial zabalak jasotzen baitituzte minutu gutxitan–, Bidasoak ez du apenas aukerarik izango irteera honetan.

Cuetara, baikor

“60 minutuetan partida biribila eginez gero lehiakorrak izan gaitezke” esan zuen Jacobo Cuétara Bidasoa Iruneko entrenatzaileak atzo; eta argi utzi zuen, bere taldea “oso gogotsu” ikusten duela Skanderborg Aarhusen aurkako norgehiagokaren atarian, “oso baloi gutxi galtzen eta akats gutxi egiten dituen talde sendoa” dela aitortuz.

“Zozketaren berri izandakoan aipatu genuen, lehen postua eskuratzeko multzoko bigarren faboritoa izan zitekeela Füchse Berlinekin batera. Ea hori saihesteko gauza izaten garen, eta horretarako partida hau erabakigarria izango da. Oso bolada onean dagoen aurkaria da, jokatutako azken bost partidak irabazita baitator, tartean Txapeldunen Ligako Aalborg-i zazpi goleko abantailarekin. Ez da batere arerio erraza izango euren etxean jokatuta. Partida borobila jokatzen badugu, aukerarik izango dugu”, azaldu zuen Cuetarak Danimarkara iritsi bezain pronto egindako adierazpenetan.

“Ez gaude oso une gozoan, baina dinamika hori aldatu eta garaipenak berriro lortzea gure esku dago”, aipatu zuen entrenatzaile bidasotarrak Cuencako porrotaren ostean; egutegiak berehala eskaini die aukera berri bat, kasu honetan, European Leaguekoa, “gozatzeko moduko lehiaketa. Ahalegin guztiak Asobal Ligan egin behar ditugu, eta beste hau gozatzeko da. Lehiaketa honetan emaitza bikainak lortzen ari gara: hain zaila zen Kolstad 2. Errondatik kanporatzea, kanporaketa nolakoa zen kontuan izanda; Berlinen jokatu genuen partida eta etxean lortutako bi garaipen ederrak. Eta ilusio horrekin egin behar diogu aurre biharko partidari, ea lehen itzulia amaitzeko geratzen diren partidetarako sentsazio onak berreskuratzeko baliagarri zaigun.

Aurrean “talde sendoa” espero du. “European Leagueko edo Danimarkako ligako edozein partida ikusiz gero, badirudi ez duela aparteko ezer egiten, baina gol-tartea handi-tzen joaten da etengabe. Talde sendoa da, baloi gutxi galtzen dituzte eta akats gutxi egin. Gainera, datorren urterako Aalborgek edo Füchse Berlinek fitxatu dituzten oso jokalari erabakigarriak dituzte, edozein aurkariren aurrean gauzak zailtzeko ahalmen handikoak.

Hala ere, Cuetarak onartu zuen Europako txapelketetan “zaila da erreferentziarik ezartzea. Baina hiru partida irabazi ditu, hirurak etxetik kanpo, eta berdinduago ibili zen Ipar Mazedoniakoa kenduta, nortasun handiarekin irabazi, gainera. 60 minutuetan partida biribila eginez gero lehiakorrak izan gaitezkeela esango nuke, gertatzen ari zaizkigun hutsarte beltz horiek ekidinda. Etxeko partidarik gehienetan bezalaxe, geure jokoa egiteko gai izango bagina, lehiatzeko moduan izango gara. Europan zaila da erreferentziarik ezartzea, jokoa desberdina da, taktika, eskubaloia ulertzeko modua...”.