Bidasoa Irunek Asobal Ligako Logroño La Rioja eta Frantziako lehen mailako Limoges izango ditu aurkari XXVII. Egiako Nazioarteko Torneoan; emakumezkoetan, berriz, Super Amara Bera Berak eta igo berria den Beti Onak-ek neurtuko dituzte indarrak.

Gizonezkoen txapelketa ostegun honetan hasiko da, talde bidasotarraren eta errioxarren arteko norgehiagokarekin (19.30ean). Ostiralean Logroño eta Limoges izango dira aurrez aurre (19.30ean), eta larunbatean jokatuko du Bidasoak galiarren aurka (19.30ean). Limoges taldea Alberto Entrerriosek eta Jose Manuel Sierra atezain ohiak entrenatzen dute, azken horrek aurreko denboraldian talde irundarrean jokalari izateari utzi ondoren.

Amaitzeko, talde anfitrioiak, Lehen Maila Nazionaleko Egiak, Zilarrezko Ohorezko Mailako Amenabar Zarautz izango du aurkari datorren asteko larunbatean (20.00etan).

Emakumezkoetan, Super Amara eta Beti Onak izango dira nor baino nor gehiago datorren asteko asteazkenean (19.30ean). Eta eskubaloi eskaintza erabat osatzeko, ostiralean, hilak 26, Zilarrezko Ohorezko Mailako Egia eta Aiala Zarautz taldeen arteko norgehiagoka jokatuko da (18.00etan).

Egiako Torneoaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten Donostiako Udaletxean, eta bertan izan ziren, besteak beste, Eneko Goia alkatea, Martin Ibabe zinegotzia, Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentea eta Bera Beraren izenean Sara Gil.

Gurutz Aginagalde CD Bidasoako presidentea Donostiako Udaletxean astearte honetan egindako aurkezpenean izan zen, eta bertan adierazi zuenez “Egiako Nazioarteko Txapelketak garrantzi handia du bai Bidasoa Irunentzat, baita Gipuzkoako eta Euskadiko eskubaloiarentzat ere. Europa mailan udaro txapelketa gehiago eta maila handiagoak antolatzen diren garai honetan, 27. edizio hau prestatu eta Torneoa mantendu ahal izatea, antolatzaileen lan onari eta babesten duten erakundeei zor zaie”.

“Maila handiko aurkariak izango ditugu bi neurketetan. Alde batetik, deskubritzeko ezer gutxi duen Logroño; eta bestetik, Frantziako Ligan jauzia emateko proiektua prestatzen ari den Limoges. Gure prestakun-tzan oso ondo etorriko zaizkigu bi partida horiek”, azaldu du Aginagaldek, eta azpimarratu ere egin du “aurtengo denboraldi-aurrearen konfigurazioak, gainera, Gipuzkoan jokatuko dugun lehen partida Donostian izatea eragin du. Hori dela eta, Aste Nagusian bertan izanik eta pandemiaren ondoren, seguruenik Donostiako, Irungo eta Gipuzkoako Bidasoazale asko animatuko dira partidak ikustera”. – M. Tolosa