IDK Euskotrenek Europako ibilbide berriari ekingo dio gaur, helburuak garbi asko dituelarik: talde gipuzkoarra kontinentean ezagutarazteko ahalik eta lanik txukunena egin eta lehiaketaren lehen fasea gainditzea. Belgradeko Izar Gorria izango du Eurocupeko lehen aurkari IDK taldeak Gasca kiroldegian (20.00tan).
Bi garaipen erdietsita, Balkanetako taldea liderra da bere herrialdeko ligan, eta saskiratzeko gaitasuna du ezaugarri nagusi. Orain arte jokatutako bi partidetan 98 eta 94 puntu lortu ditu Izar Gorriak, eta taldeko sei jokalarik batez beste hamaika puntu baino gehiago lortu dituzte partidako. Azu Muguruzak argi asko esan zuen: “Hau este maila bateko lehia izango da eta lehen fase hau gainditzea dugu helburu”. IDK-ko entrenatzaileak ezbairik gabe azaldu zuen denboraldi honetan anbizio handiagoz dabiltzala.
Motosek GBCrekin berritu du
Bestalde, Gipuzkoa Basketek eta Mikel Motosek akordioa lortu dute eskolta donostiarraren kontratua 2025-26 denboraldia amaitu arte berri-tzeko. Motosek denboraldi honetarako eta datorrenerako sinatu duenez, bederatzigarren denboraldia beteko du klubean. Une honetan, lanean jarraitzen du, iragan denboraldian Burgosko Tizonaren aurkako play-offeko hirugarren partidan oinean izan zuen lesioa erabat sendatzeko.