Askatuak Saskibaloi Taldeak agerraldia egin zuen atzo, elkartearen 50. urteurreneko ospakizunen berri emateko. Donostiako Udalean egindako aurkezpenean, urtean zehar egingo diren jardueren programa aurkeztu zuten, elkarte donostiarrak nahi duen legez “hiriarekiko konpromisoz, pasioz eta saskibaloiaz beteriko bost hamarkada ospatzeko”.
Ekitaldian kirol munduko eta toki administrazioko pertsona esanguratsuek hartu zuten parte, bertan izan zirelarik, besteak beste, Iñaki Gabarain, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia; Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria; Askatuak-eko hainbat kide, Iñaki Almandoz presidentea buru zutelarik, Olivier Gasca zuzendaritzako kidea, Estanis Ubarretxena eta Mikel Yurramendi jokalari ohiak; Gipuzkoa Basketeko presidentea, Nacho Nuñez, eta kirol zuzendaria, Jose Luis Zubizarreta, Xubi.
Iñaki Almandoz, Askatuak-eko presidentea, pozik agertu zen saskibaloiari hainbeste eman dion klubaren urteurrenaren aurrean: “50. urteurren hau aukera paregabea da Askatuak-en historiaren parte izan diren guztiei omenaldia egiteko. Harrotasunez ikusten dugu klubak erreferente izaten jarraitzen duela Donostiako saskibaloian eta kirol jardunean”.
Bide batez, Almandozek azpimarratu egin nahi izan zuen Gipuzkoa Basketekin sinatutako akordioaren garrantzia, eta eskerrak eman zizkion Nacho Nuñez GBCko presidenteari, bertaratu eta sinatutako akordioarekiko leialtasuna erakusteagatik.
Urteurreneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat, Gipuzkoa Basketek eta ACB Ligako Bilbao Basketek jokatuko duten lagunarteko partida izango da, datorren asteazkenean, irailak 18, Josean Gasca kiroldegian, 19.45etan hasita. Kirol hitzordu ahaztezina izango da Askatuak-en berrogeita hamargarren urteurreneko ekitaldien artean, eta horrexegatik Gipuzkoako saskibaloiaren festa erakargarri horretara etortzeko deia egin die Askatuak klub historikoak saskibaloi zale guztiei.