Gipuzkoa Basket Donostiako klubaren presidente Nacho Núñezek, eta José Luis Zubizarretak, Xubik, amaitu berri den denboraldia aztertu zuten asteazken honetan. Behin ACBra igotzeko play-offean sartzea lortu, eta lauko finaleko atariko kanporaketan Guuk Gipuzkoa Basket Tizona Burgosen kontrako bosgarren partidan kanporatua izan zen arren, balorazio positiboa egiten dute.
Play-off
Lehenik eta behin, Xubik hartu zuen hitza, kirol balorazioa egiteko: “Denboraldia guk nahi baino azkarrago amaitu zaigu”. Hala ere, jarrera positiboa izan zuen taldearekiko: “Play-offa, denboraldi honetan izan garenaren isla izan da: talde gogorra, irabazteko zaila; joko alaia eta serioa eskaini dituen taldea. Honako hau ere esan zuen: “Denboraldi polita izan da. Etxean lehenengo porrota abenduan izan zen. Saskibaloi maila polita erakutsi dugu, eta geroz eta jende gehiago etorri da Angulas Aguinaga Arenara”.
“Pozik gaude eta oso balorazio positiboa egiten dut”, gaineratu zuen. “Denboraldiari zortziko nota emango nioke. Lauko finalera iritsi izan bagina, bederatzikoa zatekeen eta mailaz igo izan bagina, hamarrekoa”, zehaztu zuen.
Denboraldi honetan klubaren garapena eragin duten hainbat alderdi balioetsi zituen Xubik: “Etxean joko ikusgarria eta erakargarria eskaini dugu, eta lau partida baino ez ditugu galdu, ligako hiru eta play-offekoa”. Halaber, oso pozik dago “gero eta jende gehiago etorri delako Angulas Aguinagara, horixe zelako denboraldi hasierako helburuetako bat. Nahiago izan dugu sailkapenean apur bat okerrago geratuta ere, jendeak gurekin bat egitea eta gugan sinestea”.
Aldaketek emaitza onak
Bestalde, Nacho Núñezen esanetan, “klubean aldaketak egiteko premiarekin hasi genuen iazko uda, bai zuzendaritza nagusian bai kirol zuzendari-tzan ere; eta hamabi hilabete pasa ostean, klubak gero eta oinarri sendoagoak dituela esateko moduan gaude. Kirol zuzendaritza berriaren eskutik entrenatzaile gazte baten aldeko apustua egin genuen, eta hamabi hilabete geroago apustu hori oso positiboa izan dela esan dezakegu”, berretsi zuen.
Nuñez pozik agertu da kirol ibilbidearekin, baita zaleen, erakundeen eta babesleen erantzunarekin ere. Gainera, “klubak anbizioa eta hazteko grina” transmititzen jarraitu behar duela aipatu zuen, eta oso positibotzat jo zuen, azken bost urteetan –pandemiarenean izan ezik– maila ekonomikoan klubak emaitza positiboak lortu izana.
Jokalariei dagokienez, amaitu berri den denboraldiko blokeari eustea du helburu GBCk. Bi jokalarik besterik ez dute kontratua indarrean, Mánex Ansorreguik eta Aitor Zubizarretak, Mikel Odriozola entrenatzaileaz gain. Eta argi esan dute, “nahi ditugun jokalariek GBCn jarraitzen ez badute, goragoko kategoria edo soldata-mailan garrantzi handiagoko proiektu batera joango direlako izango da”.
Horren harira, Alex Barcelloren izena aipatu zen. “Ez da batere erraza izango Alexek jarraitzea”, eskain-tza asko omen dituelako esku artean, agerian utzi zutenez.