Gipuzkoa Basket taldearekin batera, bere entrenatzaile jardunean ere “hazteko” nahia erakutsi du Mikel Odriozolak. Talde donostiarreko teknikari berria Nacho Nuñez presidenteak eta José Luis Zubizarreta, Xubi, kirol zuzendariak, aurkeztu zuten Donostiako Olarain Ikastetxe Nagusian.

Bere burua honela aurkeztu zuen Odriozolak: “Entrenatzaile gaztea naiz; esperientzia txikikoa izan arren oso gogotsu natorrena, eta apaltasun horretatik taldearekin batera hazi nahiko nuke”. GBCko entrenatzaile berriak azaldu zuenez, behin Iraurgi utzita, “erronka berriak” nahi omen zituen, eta “hazteko eta gipuzkoar izateari balioa eman nahi dion” proiektua topatu omen du. “Ezin nion eskaintza horri muzin egin. Lanean hasteko amorratzen nago, eta ea gauzak ondo ateratzen zaizkigun”. 

Iraurgiko entrenatzaile ohia Gipuzkoa Basketeko bazkide izana da: “Datac izena zuen garaian Gipuzkoa Basketeko bazkide izan nintzen. Aitor Uriondo zen entrena-tzailea eta partidak aulkiaren atzean ikusten nituen. Esteban Martinezen saskiratze gogoangarriarekin lortutako lehenengo igoeran, bazkide nin-tzen. Partida hartan ezin izan nuen eserita egon; Gasca lepo beteta zegoen eta goialdeko ertz batean saltoka egon nintzen kuadrillako lagunekin. Une hartan bizitako ilusioa berreskuratu nahi dut, horixe sustatu eta jende gaztea kutsatu. Partidak ikustera etortzen diren zaleak gure balioekin identifikatuta sentitzea nahiko nuke, eta gu eurenekin. Baina lehen urratsa guk eman behar dugu, eta hortik aurrera hasiko gara gu ere eskean”.  

Odriozolak ez zuen helbururik zehaztu nahi izan: “Helburuak aipatzea erraza da, baina hobetzeko grina duen taldea izatea da garrantzitsuena; egunez egun joan beharko dugu, liga asko aldatzen baita urte batetik bestera, taldeak aldatu egiten dira, baita errealitateak ere”. Horretaz jabetu behar dugu, eta aurrera egiten lagunduko digun ildoan jarduteko pazientzia izaten jakin. Etorkizunari begira hasiz gero, oraina ahazteko arriskua dago, eta hori arazo larria izan liteke”. Argi du, ordea, “talde grinatsua nahi dut, anbizioa eta hazteko gaitasuna erakutsiko dituena. Balio horiei ematen diet nik garrantzia, eta horiek islatzen saiatuko gara. Bizkorrago ala mantsoago jokatuko dugu, hori jokalariek baldintzatuko dute. Behin fitxaketak lotutakoan, ahalik eta asmo handieneko taldea gorpuzten saiatuko gara”.

Nuñez presidenteak azpimarratu egin nahi izan zuen, Odriozolak “liga oso ondo ezagutzen duela Iraurgin emandako hiru denboraldietatik. Eta ondo baino hobeto ezagutzen du Gipuzkoako harrobia Eason eta probintziako beste talde batzuetan egindako lanetik”. Argi adierazi zuen “klubaren asmoa hazten jarraitzea da, hasitako bideari eutsiz”. 

Amaitzeko orduan nabarmendu zuen Zubizarretak “azken hiru urteotan berarekin egin dut lan egunero. Aldagela kudeatzeko garaian aginpide egokia erakutsi dit beti”. Kluba, bestalde, Manex Ansorreguiren fitxaketa eta Ander Martínez de la Ordenaren jarraipena ixtear omen dago.