Guuk Gipuzkoa Basketek etxeko taldearen aurka jokatuko du larunbat honetan Burgosen (20.30ean) eta, lehen match ball hori gaindituz gero, igoera jokoan izango luke igandean, agertoki berean, Palentzia eta Valladoliden arteko norgehiagokan irabazle izaten denararen aurka (17.00).

Euren zaleen aurrean Burgos mendean hartzea erronka latza izanik, horretaz gain, Justin Jaworski gabe egin beharko dio aurre GBCk norgehiagokari, asteburu honetan Estatu Batuetan ezkontzekoa baita. Amerikarra jokalari erabakigarria izan da donostiarrentzat denboraldi osoan zehar, fase erregularrean partidako batez beste 19,3 puntu lortu baititu, eta play-offean 20,3 puntu.

Coliseum Burgosen, Urrezko LEB ligako zazpigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak GBCk.  Burgoseko taldeak gipuzkoarrek baino postu bat gorago amaitu zuen, 22 garaipen eta hamabi porrotekin, eta Lolo Encinasen taldeak 19 partida irabazi eta hamabost galdu zituen. 

Donostiarrak Leyma Coruña hartu zuten mendean Lauko Finalean sartzeko, eta gaztelarrek berriz, Movistar Estudiantes kanporatu zuten.

Ligan, GBCk 83-74 galdu zuen Burgosen, baina Illunben ordea, errebantxa hartu zuen 84-79 irabazita. 

2008an, talde gipuzkoarrak igoera lortu zuen Caceresen jokatutako lauko finalean Breogan eta Tenerife gainditu eta gero, eta orain ere helburu hori bete nahi izango du Burgosen.