Beñat Garaio soziolinguista arabarrak Euskera eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai. D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen ikerlana argitaratu du Euskaltzaindiaren eskutik. Akademiak Iker sailean argitaratu du liburukia, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz. Euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza dira Garaioren ikergai nagusiak, eta gai horiek jorratuz Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen 2022an, eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2023an. Hain zuzen ere, tesi horixe bera da orain Euskararen Akademiak argitaratu duena. Euskararen ikaskuntzarako baldintza “ez-hain-mesedegarrietan” aniztasuna kontuan hartzen diharduten Gasteizko bi eskola sakon aztertzea izan zen ikerketaren helburua: “Diagnostiko baikor bat egin nahi nuen –aitortu du egileak– bi eskola horietan gauzak ondo egiten direla eta emaitza onak lortzen direla erakusteko”. Eskola publiko horietan honako arlo hauetan sakondu zuen Beñat Garaiok: eleaniztasuna, euskara eta ikasleen ahozko gaitasuna.
Zein izan da ikerketaren helburu nagusia? Nondik eta zergatik bururatu zitzaizun idea hori?
Hezkuntzaren eta euskararen biziberritzearen gaiak oso garrantzitsuak dira eta, kezka-iturri handia direnez, eztabaida ugari sortzen dituzte, ezkortasun handia sumatzen delarik. Jakina, datu guztiak ez dira onak eta joera kezkagarririk antzematen badira ere, lan handia egiten ari dira eskola-komunitateetan eta aitorpen ariketa bat egin nahi nuen. Horretarako, Gasteizko bi eskola publiko eleanitz aztertu ditut ikerketa honetan eta eskola horietako indargune eta lorpenak identifikatzen saiatu naiz. Eremu ez hain euskaldun batean kokatutako hiria izanik, Gasteiztik kanpoko beste testuinguru batzuentzako baliagarria izateko helburuarekin ere burutu dut ikerketa, euskararen biziberritzeari eta gizarte kohesioari ekarpena egiteko asmoz.
Zeintzuk izan dira lanaren zailtasun nagusiak?
Doktoretza-tesiak berez izaten dira prozesu zailak. Alde batetik, soilik lanari erreparatuz, urte luzez aritzen zara ‘bakardadean’ eta etengabe zalantzan jartzen duzu zure lanaren inguruko guzti-guztia. Bestalde, ikerketa mundua, eta are gehiago doktoregaiarena, oso prekarioa da eta ziurgabetasunez beteta egon ohi da. Nire lanera itzulita, erronkak hainbat izan direla esango nuke, bereziki, egin nahi nuen ekarpena gizarteak bizi zuen egoerara eta zituen beharretara egokitzen jakitea, bai eta zorroztasun akademikoaren eta ikuspegi baikorraren artean oreka mantentzea ere.
Lan hau egiteko orduan, zertan oinarritu zinen eskola eleanitzaren eraginkortasuna aztertzeko orduan?
Nire ikerketa-taldean, bi zuzendarietan eta, nire alorra euskara eta eleaniztasuna izanik, bi azterketa-ildo burutu nituen lan honetan: alde batetik, euskara eta eleaniztasunarekiko jarrerak aztertzea ikasle, irakasle, guraso eta aisialdi-hezitzaileen aldetik, horretarako galdetegi batzuk erabiliz. Bestalde, ipuin kontaketaren bitartez, ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna neurtu nuen. Esan bezala, helburua bi eskola hauen indarguneak eta lorpenak identifikatzea zen eta, horretarako, Arakatze Apreziatiboa izeneko filosofia erabili nuen. Azterketa askok, inkontzienteki izan arren, ikertutakoaren arazo eta beharretara garamatzate, eta horretan eragin nahi nuen. Helburua ez da azterketa xalo bat egitea, ditugun datuei ebidentzietan oinarritutako argi pixka bat igortzea eta baikortasun mezu bat helaraztea baizik, argi baitago egoera zaurgarri batean gaudela arriskuz inguratuta. Oso garran-tzitsua iruditzen zait gure burua ondo ezagutzea, eta horretarako funtsezkoa da gure alde onak, ondo egiten ditugunak eta ondo egin ditzakegunak ere, kontuan hartzea.
Zer abantaila eta desabantaila izan ditzake euskara ondo dakiten ikasleak ikasle etorkinekin elkartzeak?
Lehenik eta behin, orokorrean uste dut funtsezkoa dela gure ikasgeletan gizartean dagoen aniztasun ekonomikoa, soziala, kulturala eta linguistikoa islatzea, kohesio eta justizia sozialaren mesederako. Hori esanda, oso garrantzitsua da etxean euskaraz egiten ez dutenak eta euskara urruti sentitu dezaketenak, etxean euskaraz egiten dutenen ikaskide eta lagun bilakatzea, horrela euskararekiko ikuspegia aldatu eta euskaraz hitz egiteko aukerak areagotuko ditugulako. Era berean, oso garrantzitsua da etxean beste hizkuntzetan mintzo diren familiekin (eta, oro har, beste errealitate batzuk dituztenak) komunitate bat osatzea, elkarbizitza hori egunero eraikiz gero izugarrizko aurrerapausoa emango dugulako hainbat alorretan. Dena den, ñabardura bezala, azpimarra eta ardura ez da familia euskaldunengan edo atzerritar jatorriko familietan jarri behar. Hezkuntza-komunitateak, gizarteak eta bereziki erakundeek, baliabideak eta baldintza egokiak eskaini behar dituzte euskara ikasi eta une oro erabiltzeko, beste hainbat helbururen artean. Bestalde, etxean gaztelaniaz hitz egiten duten euskal herritar jatorriko familiak euskararen eta kulturartekotasunaren aldeko bidean berraktibatzea ere funtsezkoa iruditzen zait.
“Nire ikerketa-taldearen, bi zuzendarien eta nire alorra euskara eta eleaniztasuna izanik, bi azterketa-ildo burutu nituen lan honetan”
Zein balore hartu dituzu kontuan ikerketa hau aurrera eramateko orduan?
Hiru printzipio nagusik gidatu dute ikerketa: eleaniztasunean oinarritutako euskararen biziberritzea susta-tzea; gizarte-kohesioa eta euskara uztartzea eskola publikoaren bitartez, eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako ekarpen baikorrak egitea.
Zein dira ikerketaren ondorio garrantzitsuenak?
Esan bezala, helburua diagnostiko baikor bat egitea zen eta hein handi batean horixe lortu dugu ikerketa honekin. Izan ere, euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrerak oso positiboak dira, eta bistakoa da eskola-komunitate horietan badagoela oinarri sendo bat euskara eleaniztasunean biziberritzeko. Ahozko gaitasunari dagokionez, aztertutako kontaketa guztietan ikusi da ikasleek ahozko maila egokia daukatela. Halaber, baliabide aberastasun handia topatu nuen jasotako ekoizpenetan, eta horri esker antzeman dugu testuinguru ez hain euskaldun batean eta aniztasun handiko ikastetxeetan ere euskalduntzen direla ikasleak, baita Euskal Herrira iritsi eta urte gutxira ere.
Zure balorazioaren arabera, zein da eleaniztasunaren, euskararen eta ikasleen ahozko gaitasunaren egungo egoera?
Bi eskola hauek lortzen dute euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrerak bultzatzea, bai eta ikasleei dagokien ahozko euskarazko gaitasuna irakastea ere. Horrenbestez, eta ñabardunak ñabardura, testuinguru-hain-mesedegarrietan ez dauden D eredu publikoko eskola publiko horen helburuak betetzen direla esan genezake.
“Lan handia dago egiteko hainbat alorretan eta zaila da lehentasun guztien zerrenda egitea, horietako asko elkarrekin lotuta daude”
Nola hobetu genezake?
Lan handia dago egiteko hainbat alorretan eta zaila da lehentasun guztien zerrenda egitea. Gainera, horietako asko elkarrekin lotuta daude eta apustu sendoa eta baliabideak behar dira. Dena dela, nire ikerketa lanarekin lotutako hobekuntza-arlo batzuk aipatzearren: eskola-segregazioari aurre egitea eta segregatuta dauden eskolei mota guztietako baliabide gehiago ematea, euskararen aldeko jarrerak birpentsatzea eta gaurkotzea (gizarte osoa erabilera eta aktibaziora bideratuz), euskaraz erraztasunez hitz egin nahi eta ahalko duten euskarazko hiztun osoak trebatzea, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna bultzatzea tolerantziatik haratago,… momentuz hauek aipatuko nituzke. Azken gauza bat aipatu nahiko nuke.
Noski.
Liburu hau EHUko ELEBILAB ikerketa-taldean egin nuen tesiaren jarraipena da. Tesi horrek Bikain Cum Laude kalifikazioa jaso zuen eta Koldo Mitxelena Euskarazko Tesi Onenaren saria eskuratu nuen 2023. urtean, Arteak eta Humanitateak adarrean. Tesia Itziar Idiazabal eta Leire Diaz de Gereñuren zuzendaritzapean egin nuen eta defendatu nituenetik jasotako iruzkinak eta proposamenak gehitu ditut liburu honetan, testua liburu formatura egokitzeaz gainera.