Ortzadarra lelopean, Herri Urrats ekimenak bere 41. edizioa ospatuko du igande honetan. Ohikoa denez, musika, dantza, kirola, jolasak eta, batez ere, giro ona izango dira igandeko protagonistak Senperen euskararen aldeko festan.
Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen federazioak antolatutako festa honetan jasotzen den dirua urte asko eraikin aurrefabrikatuak erabiltzen egon den eta eraiki ezinean dagoen Beskoitzeko ikastolara bideratuko da. Zentzu honetan, nabarmentzekoa da urteetan zehar 33 ikastola, 5 kolegio eta lizeo bat eraiki direla Herri Urratseko irabaziei esker.
Festa 10.00etan hasiko da eta ekimenak Euskal Herriko probintzien izena duten zazpi guneetan banatuko dira. Adibidez, Nafarroa Berria gunean Basapiztiak, Mister Xaguak, Zetkin, Delirium Tremens, Muga Zero, Esne Beltza eta Leihotikan taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Araba Berria gunean, berriz, Haizea Arrosa, Niko Etxart, Bele, Neomak, Nogen eta Holako Deluxek. Eremu horretan Mutxikoak egongo dira ere.
Gipuzkoa gunean Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira, Xalbat Alzugarayren gidaritzapean, eta egunean zehar musika emanaldiak egongo dira.
Bestalde, Xiberua dantza gunea izango da, Bizkaia gune berrian umeentzat puzgarriak egongo dira eta Baxe Nafarrokoan Erronka Nazionala burutuko da. Ekimen honetan, Hego Euskal Herriko lau probintzietako lau ikastetxetako ordezkariak hainbat jokoren bidez lehiatuko dira. Lapurdi guneari dagokionez, Zapiain Sagardotegia egongo da bertan, bai eta Zikiroa eta Kuxkutu bezalako taldeen emanaldiak eta umeentzat jarduerak. Azkenik, Kattalin Elizalde kolegioko KEI gune berrian pilota partidak jokatuko dira goiz osoan.
Gerturatutakoek janari eta edariekin indarrak berreskuratu dezaten sei txosna jarriko dira, bai eta sagardotegi erraldoi bat, non 250 bazkari eskainiko dira. Bi ordainketa-aukera egongo dira: tiketen bitartez (800.000 inprimatu dira) edo txartelarekin ordaintzeko jarri diren 18 makinen bidez.
Autobus zerbitzua
Urtero bezala, aurten ere Herri Urratsera hurbiltzeko autobus linea zuzenak ezarri dira Donepaule, Irisarri-Heleta, Basaburua, Maule, Garazi, Baigorri, Bardoze, Baiona, Hazparne, Mugerre eta Hendaiatik. Gainera, Txik-Txakekin egindako akordioari esker autobus zerbitzu berri bat eskainiko da Kanbo, Ezpeleta eta Donibane Lohitzunetik, jendeak kotxea geltokietan utzi eta autobusez aintzirara hurbiltzeko aukera izan dezan.
Txik-Txaken zerbitzuak goizeko 8.30ean hasiko dira eta bueltako azken autobusa 19.10an izango da. Txartelek 3 euroko balioa izango dute.
Ortzadarra eta zubia
Herri Urratseko antolatzaileek iganderako ongi pasatzeko aukera ederra dela aitortu dute, eta argi utzi dute euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara aldarrikatuko dutela, ortzadar erraldoi bat margotuz aintziran. Izan ere, ortzadarra da aurtengo leloa, horren kolore bakoitzak ekimenean elkarrekin lan egiteko elkartzen diren esperientzia, identitate eta ikuspuntu aniztasuna sinbolizatzen dituelako.
Ortzadarraz haratago, aurtengo logoan zubiaren kontzeptua islatu da ere, Euskal Herriaren baitan hainbat pertsona, kultura eta komunitateen batasuna irudikatu nahian. “Ikastolak zubigileak gara, bokazio hori daukagu. Gure arteko harremanak eraiki ditugunean, gertukoenen artean bezala, lurralde desberdinen artean, zubiak eraiki ditugu euskara izanik lehengai. Eta zubiak eraiki ditugu, gu bezala, hizkuntza gutxituetan mintzo diren herriekin ere. Zubiek batu egiten dute eta guk batasun hori ere islatu nahi dugu” azaldu dute Seaskatik.
Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko Ikastolen federazioak ortzadarra eraikitzera gerturatzeko deia egin die euskal herritar guztiei, eguna euskaldunen eskubideak defendatzeko balio izan dezan, bai eta haur, gazte eta helduei zuzendutako ekimenetaz gozatzeko ere.
Programazioa gunez gune
Araba Berria gunea
10.00-11.00 Haize Arrosa
11.30-12.30 Mutxikoak
13.00-14.00 Niko Etxart
14.30-15.30 Bele
16.00-17.00 Neomak
17.30-18.30 Nøgen
19.00-20.00 Holako Deluxe
Gipuzkoa gunea
11.00-12.00 Bertsolariak: Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre. Gaijartzaile: Xalbat Alzugaray.
12.30-13.30 Baiona kantuz
14.00-15.00 Etxepe
15.30-16.30 Pisso & Oph
17.00-18.00 Eire
18.30-20.00 Dj Bull eta Elepunto
Nafarroa Badok gunea
10.00-10.45 Basapistiak
11.15-12.00 Mister Saguak
12.30-13.15 Zetkin
13.45-15.00 Delirium Tremens
15.30-16.15 Muga Zero
16.45-18.00 Esne Beltza
18.30-19.30 Leihotikan
Lapurdi gunea
12:00 Kuxkuxtu bazkaria alaitzen
MANTAGORRI ESZENA
11.00-12.00 Gurashow
13.00-14.15 Pontx
16.00-17.30 Gora bihotzak
Xiberoa gunea
11.00-11.30 Estitxu Robleseta Dantzaz
12.00-12.30 Neskena
13.00-13.30 Brilli Banda
14.00-15.00 Ortzadar eta erregetxopitak
15.30 16.30 Los Chancaires
Baxe Nafarroa gunea
Erronka Nazionala
Bizkaia gunea
Haurren txokoa
Kei Gunea
Pilota partidak goizean zehar