Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Aldundiek Udalekuak 2024 udako kanpaina antolatu dute, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako programa ludiko-hezitzaileen egitasmo eskaintza zabala biltzen duelarik. Aurtengo kanpainan hiru lurralde historikoetako 4.203 haurrek hartuko dute parte, iaz baino 210 gehiagok. Plazak honela banatuko dira: 1.010 Gipuzkoan, 1.695 Araban eta 1.498 Bizkaian. Guztiak 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta daude. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira, biak barne.

Udalekuak 2024 EAEko eta Nafarroako 16 instalaziotan burutuko da. Gipuzkoan eskainiko diren jarduerak Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), eta Nafarroako Arantza, eta Bertizko instalazioetan egitekoak dira. Bizkaian, berriz, zazpi eguneko egonaldiak eskainiko dituzte Gorliz, Lapurriketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Nafarroako Legasako aterpetxeetan, aurten Gorozika ere sartu dutelarik. Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu Udalekuak 2024 egitasmoaren eskura: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukera baitago, betiere parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko bada ere.

Jarduerak neska-mutilek kirol eta kultura-jarduera ugarirekin gozatzeko aukera izango dute, hala nola, museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologia, ginkanak, mendi-ibilaldiak, eskalada, rappela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jokoak, Laser Tag jolasak, segwaya, mendiko bizikletarekin jaitsierak, arrauna, piragua, kanoien jaitsiera, pedaloia, optimist, wind-surf, disc-golf edo pilota, multi-abentura, herri kirolak (trontza, lokotx-bilketa, zaku lasterketak, txingak, sokatira), burdinbideak, barazki-jarduerak, animaliekin hainbat jarduera, eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Aipaturiko horiez gain, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

Instalazio bakoitzean burutuko diren jarduerak kanpainaren liburuxkan eta Aldundi bakoitzaren webguneetan kontsultatu ahal izango dira.

Udalekuen helburu nagusia, haur eta gaztetxoei elkarbizitzarako jolasgune egokia eskaintzea da, beraien autonomia pertsonala sendotu asmoz. Filosofia horri eutsiz, Udalekuak ekimenaren edizio berri honek honako helburu hauek izango ditu: oporraldiaz gozatzen laguntzea; autonomia eta bizikide-tza bultzatzea; aisialdi hezitzailea sustatzea; ingurune naturalera hurbildu eta ingurumena errespetatzen laguntzea; aisialdiko jardueretan euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea; eskualde bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutaraztea; eguneroko bizikide-tzan laguntasuna eta elkartasuna sustatzea, eta genero-estereotipoak eta rolak zalantzan jarriko dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak burutzea.

Izen-ematea eta ordainketa

Zozketarako izen-ematea gaurtik martxoaren 22ra bitartean egin ahal izango da, eta gehienez ere hiru partaideko taldetan. Plazen zozketa apirilaren 15ean egingo da publikoki Gipuzkoan, apirilaren 22an Bizkaian, eta Araban berriz, apirilaren 16an. Aurten ezarri den ordainsaria 138 eurokoa da. Prezio horren barruan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio-zerbitzua, istripu-asegurua eta erantzukizun zibilekoa, bai eta joan-etorriko garraioa ere jatorrizko tokitik (Donostia).