Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak atzo argitaratu zituen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Ondare 2023 sariaren deialdirako oinarriak. Gure lurraldeko kultur ondarea babestu, ikertu eta zabaltzearen alde egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko zein juridikoak saritzea du helburu Ondare sariak.

Epaimahaiak ezarritako irizpideen artean honako hauek aztertuko dira: “Proiektuaren ibilbidea eta sakontasuna, bai eta bestelako alderdi hauek ere: proiektuaren berezitasuna (pertsonala nahiz kolektiboa), nazioarteko aintzatespena, gure lurraldean duen ezarpena eta eragina, hark ekarritako eraldaketa kulturala eta soziala, sinergiak sortzeko gaitasuna, lanaren jarraitutasuna, balioen transmisioa edo aukera-irizpideak, gizarteak saria are gehiago eta hobeto baloratu dezan”.

Kultura Departamentutik azaldu zutenez, euren konpromisoagatik nabarmendu diren pertsona juridikoak hautagai izan ahalko dira –Gipuzkoako erakundeak edo Gipuzkoako kultur ondareari lotutakoak– . Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 8an amaituko da.

Ondare Sariaren azken edizioa orain bi urte izan zen, eta epaimahaiak Juan Mari Beltrán Arguiñena, Soinuetxeko zuzendaria, saritu zuen.