Asteazken honetan, unibertsitatera sartzeko proba honen lehen egunean, Historia zen ikasleen artean ardura gehien sortarazten zuena. “Historian, edo ondo jartzen duzu” idatzi beharrekoa “edo ez duzu jartzen. Datak, izenak... Gogoratu egin behar dituzu. Azkenean, askoz ere zailagoa egiten zaigu denei”, adierazi zuen Marta Garcíak, Tolosako Herrikide Ikastetxetik zetorrenak. Duela hilabete, ikasturtea amaitu zuenetik, aritu da buru-belarri selektibitaterako prestatzen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza egitea espero du Iruñean, nazioarteko programaren barnean. “11,3ko nota behar dut, nahiko altua da”, zioen; hala ere, lortzea espero du.

Hala ere, denak ez zeuden urduri Ibaetan. Euskara eta Literaturako azterketatik irten berritan, lasai zebilen Oier Macho, Azkoitia BHIko ikaslea. Alde batetik, “ingurune euskaldunetik” etorrita, egindako proba “erraza egin” zitzaiolako; bestetik, izatez ere hala delako; baina ikasi nahi duen gradura “sartzeko ez dut nota asko behar”, eta hori ere lagungarria egin zitzaion. Telekomunikazio Ingeniaritza egin nahiko luke Bilbon eta “notarik ez dauka, beraz lasai nabil”.

Izan ere, gustuko duten ikasketetarako nota altua behar izateak, edo ez, eragin handia dauka nerabe hauek selektibitatearekiko duten harremanean. Julen Cepeda, Irungo Pio Baroja BHIko ikaslea, adibidez, bigarren aldiz aurkeztu da aurten proba honetara, Medikuntzara sartzeko inten-tzioarekin, eta nota altuenetakoa eskatzen duen gradua da berau. Maite Bastida ikasle azkoitiarrak, aldiz, ez du oso emaitza altua behar Filologia egiten hasteko eta “nahiko lasai” zebilen atzo. Bestalde, unibertsitate pribatu batean plaza lortu dutenek, Irune Lonbide zarauztarraren gisan, aprobatzearekin nahikoa dute. Berak Zuzenbidea eta Nazioarteko Harremanak ikasiko ditu Bartzelonan.

Horrez gain, badira datorren ikasturtean unibertsitatean aritu gabe ere selektibitatea egitea aukeratu dutenak. Horietako bat da Goiatz Aguado, Zumaiena BHIko ikaslea, administraritza eta enpresen kudeaketaren inguruko goi-maila egingo duena. “Beti, badaezpada ere, ondo dator; ez dakit hurrengoan, goi-maila eta gero, unibertsitatera joan nahiko dudan”, azaldu zuen. Eta alderantzizkoa ere gerta liteke: hau da, Lanbide Heziketan hasi eta, amaitu ondoren, selektibitatea egiten saiatzea, gero gradu bat ikasteko. Horretan dabil aurten Haizea Mitxelena: aurretik jada proba hau egina izan arren, azterketa batzuk errepikatu egingo ditu (atzo, adibidez, euskarakoa), nota igotzen saiatu eta Erizaintzan sartu ahal izateko. 

ikasketa prozesua Kasuak kasu, badira selektibitatea prestatzen denbora dexente pasa duten ikasleak, dena ez baita edukia barneratzea. “Historiarekin nahiko goiz hasi nintzen; agian hilabete bat lehenago” apunteak prestatzen, jakinarazi zuen Kai Zabaleta zumaiarrak. Gainera, kurtsoan zehar lana egiten arituta, “gero errepasoa egin eta kitto”, azpimarratu zuen.

Victor Manuel Lezamak, Ordiziako Oianguren BHIko ikasleak ere urte osoan zehar prestatu du Historia; “badakit ondo menperatzen dudala ikasgaia eta azterketa ondo egitea espero dut”, adierazi zuen probara sartu aurretik. Beraz, azken egunetan denbora gehiago igaro izan du matematika eta kimika inguruko kalkuluen ariketak prestatzen. Azken ikasgai honen izen berbera duen graduan sartzea espero du.

Ikasleek bere kabuz urte osoko lana egiteaz aparte, onuragarria zaie oso ikastetxean bertan azterketak prestatzea. “Guk globalak izan genituen” jakinarazi zuen Intza Lasak, Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleak. “Beste batzuk ez dituzte edukitzen eta lagungarria da selektibitatea nolakoa den ikusteko; antzekoa izan ohi da”.