Interes-tasak are gehiago igotzea ezinbestekotzat ikusten du Europako Banku Zentralak (EBZ), inflazioa epe ertainean %2ko mugara ekartzea ziurtatzeko; inolaz ere, finantza-tentsioak larriagotuz gero, “egokiena zer ote den” aztertu beharko omen du.

“Igoera gehiago beharko dira. Hori da gure diagnostiko garbia”, adierazi dio Philip Lane EBZko ekonomialari buruak Die Zeit egunkari alemaniarrari elkarrizketa batean. Bertan esan duenez, estres finantzarioa nahiko mugatua den bitartean, “interes-tasek gora egin beharko dute oraingoz”.

“Nolanahi ere, aipatu dugun estres finantzarioa estutuko balitz, egokiena zer den ikusi beharko genuke”, dio Philip Lanek; bere iritziz, tentsio finantzarioak ekonomia ahulduko balu, “horrek automatikoki murriztuko lituzkeelako inflazio-presioak ere”.

Ekonomialari irlandarraren esanetan, Europako Banku Zentrala egoera arreta handiz aztertzen omen dabil, “erne baino erneago”, baina argi utzi nahi izan du eurogunean ez dutela espero AEBetako edo Sui- tzako egoera errepikatzerik.

“Ez dugu uste banku-sistemaren arazo orokorra denik (...) Ez dago euroaren eremura estrapolazio zuzenik”, azpimarratu zuen Philip Lanek, oinarrizko agertokiaren helburua tentsioak egonkortzea dela aipatuz.

Beraz, EBZko arduradunaren iri-tziz, tentsioei dagokienez eurogunean gertatutakoa AEBen eta Sui- tzaren zeharkako eragina omen da; zorionez, gogora ekarri zuen, duela 15 urteko finantza-krisiaren ondorioz, egungo bankuen erregulazioa eta gainbegiratzea oso zorrotzak dira.

“Gure oinarrizko abiapuntuan, Europako banku-sistemak kapital ugari du eta bankuak zuhurrak izan dira mailegu-erabakietan”, dio Lanek.

Horregatik ez omen zaio iruditzen inolako arrazoirik dagoenik arazo garrantzitsu bat sortuko dela pentsatzeko; ondoren gaineratu du, “eta hala balitz, EBZ erantzuteko prest legoke”.

“Tresna ugari ditugu, likidezia eman dezakegu, eta adibide horietan ikusi diren bezalako bankuen izualdiak ekiditeko gauza garela ziurta genezake”, esan du Philip Lanek.

enpresen mozkinak

Testuinguru horretan, euroguneko soldaten igoera ez omen da oraingoz inflazioaren eragile garrantzitsua izan, Philip Lanen ustez.

Bere esanetan, iazko prezioen igoera, nagusiki, enpresen irabaziei eta energiaren kostuen igoerari egotzi behar omen zaie.

“Orain arte, soldaten igoera ez da inflazio-iturri nabarmena izan”, aitortu du ekonomista irlandarrak; eta aurten “errelebo bat” gertatzea aurreikusten omen du, sindikatuek 2022ko inflazio handiari erantzuten hasi ahala, soldatak azkarrago igotzea espero delako.

Philip Lanek berretsi duenez, iazko prezio-igoeraren arrazoi nagusiak,” mozkinen igoerak eta energiaren kostuen igoerak ekarri dituzte”.

EBZko ekonomista irlandarra buruaren ustez, hainbat arrazoirengatik, enpresen irabazien bilakaera langileen ordainsariena baino hobea izan da; ondorioz, aurten “soldatak gehiago igotzea” espero omen du Lanek.