Gazteen %70 baino gehiagoren ustez kalamuaren kontsumoa ez da alkoholarena bezain kaltegarria, eta %73ren iritziz tabakoak baino kalte txikiagoa eragiten omen du, droga hori gizartean normaliza- tzen ari dela erakusten duen FAD Juventud Fundazioak egindako txosten baten arabera.

Horixe da Drogei buruzko Plan Nazionalerako Gobernuaren Ordezkaritzak finantzatuta fundazioak egindako ikerketak erakusten duen daturik deigarrienetako bat. Bertan jaso dutenez, gazteek ondo ezagutzen dituzte kontsumoaren arriskuak, baina beren gain hartzen dituzte dakartzan “onurak” kontuan izanda. Dibertitzea, erlaxatzea eta taldean esperimentatzea izaten dira gazteak kontsumitzera bultzatzen dituzten arrazoiak; arrisku nagusiak, berriz, legezko arazoak, osasunari egindako kalteak eta arazo sozialak aipatzen dituzte, esate baterako, familiarekin, ikastetxean edota lagunartean.

Gazteen artean, erdiari baino gehiagori (%55) beharrezkoa iruditzen zaio Estatuan marihuanaren erabilera terapeutikoa arautzea, aldiz, soilik %34,6k babesten du erabilera ludikorako arautzea. Gehiago dira, halaber, kontsumo, salmenta eta laborantzako egungo arauak leundu beharko liratekeela uste dutenak (%33,8), ehuneko handi bat gogortzearen aldekoa bada ere (%27,7). Gazteen esanetan, kalamua kontsumitzen duten inguruko pertsonen kalte nagusia buruko arazoak izaten omen dira.

“Erregulazio-prozesuari noizbait heldu beharko zaio, edozelakoa bada ere, eta guk prebentzioan egin behar ditugu gure ahaleginak”, adierazi zuen Beatriz Martín Padura FAD Gazteria Fundazioko zuzendari nagusiak. Bere ustez, aldez aurretik prebentzio-lanik egin ezean, ezingo da kontsumoa arautu, nahi denaren kontrako kalterik eta ondoriorik ekarri gabe.

FAD Fundazioak nabarmendu duenez, beste herrialde batzuk aurretik doaz marihuanaren erabilera terapeutikoa eta ludikoa legeztatzerako orduan, eta Espainia eta Europa ere bide horretan dabiltza, nahiz eta aldaketa horietatik eratorritako lehen datuak batere positiboak ez diren.

“Edozein prozesurako prestatuta egon behar dugu, eta prest egoteko modu bakarra prebentzioa da”, adierazi zuen Beatriz Martín Padurak.

Aldaketa horri heltzeko aukeraren aurrean nahikoa pertzepzio aldekoa adierazten dute gazteek, helduek baino. Inkestaren arabera, gazte gehienen ustez kontsumoak gora egingo omen luke, eta lautik batek bakarrik uste du arazo gehiago egongo liratekeela. %18k gehiago kontsumituko luke Erabilera ludikorako erabilpena arautuz gero, %16k kalamua probatuko lukeela dio; eta %18k gehiago kontsumituko lukeela. “Etorkizunari begira, Kanabisari buruzko ikuspegi orokorra baikorra da, arauak leundu egingo direla iruditzen zaie”, azaldu zuen Eulalia Alemany fundazioko zuzendari teknikoak.

FAD Fundazioaren ikuspegitik, Estatuan hazi egin omen da kalamuaren kontsumoaren “normalizazioa”, ez ordea banalizazioa, gazteak arriskuen oso jakitun direlako. Kontuan izan, %55arentzat marihuana kontsumi- tzearen arrisku orokorra nahiko handia edo oso handia dela; %32ren ustez ertaina, eta soilik %12k aipatzen du arriskua txikia edo oso txikia denik.