Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zortzi finalistek prentsaurrean euren sentsazioak partekatzeko tartea izan zuten finalaren ostean. “Luze eta intentso” jo zuen saioak, Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko ordezkariak esan bezala, eta nekea ere nabarmena zen zortzi finalistengan, betiere pozez eta, batez ere, esker onez betetako nekea izanagatik. Izan ere, horixe izan zen zortzi finalistek nabarmendu zuten ideia komuna: antolatzaileei, zaleei eta bertsokideei zuzendutako esker ona.
Lujanbiok “lantsua” nabaritu zuen saioa, orokorrean. “Bila eta bila, eta batzuetan korrontearen kontra” nabaritu zuen bere burua, naiz eta azken unean saioarekiko “sintonizatuago” ere sentitu zen. Saio hasierako pisua ere azpimarratu zuen txapeldunordeak. Arzallusek goizeko bakarkako ariketan egindako “poto” aipatuaren inguruan ez zuen iritzi zehatzegirik eman nahi izan. Gauza guztien gainetik, halako egun batek bertsogintzarako eta, orokorrean, euskalgintzarako egiten duen ekarpena jarri zuen balioan: “Pozik nago neure aletxoa jarri dudalako euskaraz bizi nahi duen herri honen bestan, erregai bezala”.
Mendiluzek egin zuen hirugarren finalean, eta bere aldetik saioaz gozatu zuela nabarmendu zuen saioaren ostean. “Inoiz baino gehiago jabetu naiz momentuaz, egoeraz, neure buruaz. Kokapen horretatik, gaurko egunean hustu egin naiz eta aldi berean kargatu naiz sentsazioz, emozioz eta besteen ekarpenez”.
Colinak, bere aldetik, gozotik izan zuen gehiago, gazitik baino: “Pozik nago borrokatu dudalako azkenera arte, erre nahi nituen kartutxoak erre ditudalako”. Antzeko sentsazioarekin aritu zen ere Gaztelumendi, baina pozik bere “ohiko inertziarekin” haustea lortu zuelako.
Martinek eta Ibarzabalek, beren aldetik, tarteka deskonektatuta ikusi zuten euren burua atzokoan. Martinek gozatzea lortu bazuen ere, Ibarzabalek “bukle batean” nabaritu zuen bere aldartea. Illarregirentzat lehenengo txapelketa eta lehenego finala zen, eta “gustora” aritu zela aitortu zuen, “gorputzaldi eta aldarte onarekin”.