Estatuko herritarren %21,1ek baino ez zuten jarraitu joan den astean Pedro Sanchezek eta Alberto Nuñez Feijook Senatuan izandako eztabaida; eta, ehuneko horretatik, %29ren ustez lehena izan zen garaile; %24k, berriz, oposizioko lehen alderdiko presidenteari eman dio garaipena. Hala ere, bien arteko aldea murriztu egiten da elkarrizketatutako pertsona guztiak kontuan hartuz gero, ez soilik eztabaida jarraitu dutela ziurtatzen dutenak. Kasu horretan, %17,7k Sanchez izendatzen du irabazle, eta %14,6k, berriz, Feijoo. Horixe ondorioztatzen da José Félix Tezanos buru duen Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindako flash inkestatik. Irailaren 7an eta 8an, eztabaidaren ondorengo bi egunetan, telefonoz egindako 1.012 elkarrizketetan oinarritu da azterlana.

Galdeketak agerian utzi du, Feijooren erronka jaso eta Sanchezek onartu zuen krisi energetikoari buruzko eztabaidak, ez zuela jarraipen handirik izan. Zehazki, elkarrizketatutako pertsonen %78,8k onartu du ez zuela jarraitu, eta soilik %21,1ek esan du ikusi edo entzun zuenik. Gainera, erne egon zirenen artean, %9k baino ez zuen jarraitu “osotasunean”, eta %74,4k dio “tarteka” ikusi edo entzun zuela. Gehienek (%60) telebistan ikusi zuten, ia %27k Internetez, eta gainerakoek beste komunikabide batzuetan.

Eztabaida jarraitu ez zutenei galdetuta, %50,5ek azaldu du, nolabait jaso zuela horri buruzko informaziorik; aldiz, %48,6k aitortu du ez zuela inolako berririk izan. CISen azken ondorioek diotenez, hitzordua jarraitu zutenen artean %29k Sanchezi eman diote garaipena, %24k Feijoori eta %26k ez bati eta ez besteari ere. Aurretik emandako botoa inkestaren emaitzarekin gurutzatuz gero, eztabaidak interes handiagoa piztu zuen PPren boto-emaileen artean PSOEkoen artean baino. Datu zehatzak emanik, azken hauteskunde orokorretan botoa alderdi kontserbadoreari eman ziola adierazi du debatea jarraitu zutenen %33,3k, eta sozialistei %24,2k.

Eztabaida arretaz jarraitu eta garaipena Sanchezi eman dioten %29tik, %60 inguruk PSOEren boto-emaile direla dio; Feijoo irabazle ikusi duten %24tik, berriz, ia %77k Pablo Casadori eman zion botoa 2019an. Unidas Podemoseko boto-emaileen eta bere ohiko bazkideen artean ere, Sozialisten buruzagia izan zen garaile.