Azkenean Santa Olalla urmaela lehortu da, Doñanako aintzira iraunkor handiena eta abuztuan ura mantendu duen azkena. Lehorte beldurgarriak eta Matalascañaseko gune turistikorako neurrigabe ustiatu izanak egoera larrian ipini dute Doñana.

Doñanako Estazio Biologikotikk jakinarazi dutenez, putzu txiki bat baino ez da geratu erdigunean; uretako hegaztiak jada ez dira bertara joaten, eta hirugarren aldia da horren erregistroak daudenetik, izan ere, 1983an eta 1995ean ere erabat urik gabe geratu baitzen. Doñana historikoki faunaren babesleku izan dela nabarmendu dute, aintzira ugari dituelako, uda osoan urari eusten diotenak gutxi batzuk izan arren. Europako iparraldean umeak egin ostean hegoaldera etortzen diren hegaztiei babesa eskaintzen zaie bertan, eta ur-inguruneko landare eta animalia espezie hainbaten habitata ere badira.

Gainera, udan, arroz-soroek babesleku ederra eskaintzen dute, baina egoera aldatu egin da, “Doñanan jada ez dago aintzira iraunkorrik. Eta aurten landatutako arroz-azalera, berriz, normalean aldatu ohi denaren heren bat da, ur eskasiagatik,” azaldu du Eloy Revilla Doñana-CSICeko Estazio Biologikoko zuzendariak. Gaineratu duenez, Europa sufritzen ari den lehorteak hondamenera omen darama natur-gunea, eta arazo hori aspalditik omen dator, urtetan ez duelako normaltasunez euririk egiten: “Azken hamar urte hauetan ohiko batez bestekoa baino prezipitazio txikiagoa egin du Doñanan”, adierazi du Revillak.

Hori, jakina, hezeguneek eta haien mende dauden espezieek sufritzen dute gehien, esate baterako, uretako hegaztiek, eta lehorteko garairik latzenetan beste leku batzuetara joan behar izaten dute ur-eremuen bila. Hain zuzen ere, Santa Olallako urmaela da padura eta Atlantikoa banatzen dituen duna-kordoiaren haizebean sortzen diren urmael peridunarretakoen artean ur iraunkorrarekin mantentzen zen bakarra. Doñanako akuiferoetan du jatorria, eta bizitza neurrigabe sortzea eragiten zuen. Balio natural horiei esker izendatu zuten Doñana Parke Nazional eta Biosferaren Erreserba; baina lehorte-aldi aro honetan, nekazari-tza intentsiboak akuiferoa etengabe ustiatzen du, baita giza kontsumorako erauzketek ere. Arrazoi horiek guztiak medio, Doñanako aldi baterako ur-guneak desagertu egin dira erabat, eta iraunkorrak ere arriskuan daude.