Aznarren gobernuak ezarritako legea erreformatzearen edo indargabetzearen alde agertu zen atzo Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko magistratua. Euskadin “adiskidetzea” bultzatzeko aitzakian, terroristen zigorrak osorik betetzea ezarri zuen lege horrek.

José Ricardo de Pradak San Lorenzo de El Escorialen (Madril) egin zituen adierazpen horiek, Bake-prozesuak, adiskidetzea eta biktimen erreparazioa: helburu bateraezinak? izenburuarekin Complutense Unibertsitatean antolatutako udako ikastaroan.

Magistratuaren ustez, gai horren inguruan “Gobernuak eskuak garbitu ditu”, eta argi utzi zuen “2003an Aznarren garaian zigorrak osorik betetzeko onartu zen legeak interpretazio arazo asko” dituela.

Bere iritziz, “ETAren historian oso une kritikoa zelako onartu zen legedi hura. ETAko presoak kartzeletatik irteten hasi ziren, milaka urtetako hainbat zigor bateratu eta gehienez ere 30 urteko zigorren erredentzioak lortu zituztelako; artean gazteak ziren, eta talde terroristara itzultzeko arrisku handia zegoen”.

“Baina 2003. urteko lege honek oso baldintza gogorrak ezartzen ditu graduan eta tratamenduan aurrera egin ahal izateko, Konstituzioak gizartera-tzeko ezartzen dituen helburuak lor-tzekotan”, esan zuen, ondoren galdera egiteko: egungo testuingurua kontuan izanik, zergatik ez du agintean dagoen gobernuak aldatzen edo indargabetzen?. “Euskal gizartearen ulermenerako gainditu gabeko gaia da”, gaineratu zuen De Pradak. Bere ustez, egoera horri eutsiz “presoen sektore jakin batzuk enkistatzea ere eragiten ari da, babesa eskuratzeko eta nolabaiteko etorkizunen bat lortzeko irtenbide bakarra, indarra ematen dieten presoen elkarte jakin batzuei lotuta jarraitu beste aukerarik ez baitute”.

Gainera, “egoera gaizto baten atzeraelikadura moduko bat sortzen ari da, presoek espetxe-legezkotasuna bere osotasunean onartzeko eragozpenik izango ez luketenean, betiere diskriminatzailea ez bada”. Terrorismo-kasuez arduratzen den Auzitegi Nazionaleko magistratuaren ustez, “adiskidetzearen ikuspegitik ere, batere positiboak ez diren diskurtso jakin batzuen legitimazioa ere bada”.