- Eusko Jaurlaritza "lanean ari da" erdieroale edo mikrotxipen fabrika bat eraikitzea ahalbidetuko duen inbertsioa Euskadira erakartzeko, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak atzo iragarri zuenez. Horretarako, proposamen bat aurkezteko asmoa omen dute, Gobernu zentralak mikroelektronikarekin lotutako Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoetarako (Perte) deialdira.

Tapiak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin zuen iragarpen hori, mikroelektronikako eta erdieroaleetako Pertearen inguruan Eusko Jaurlaritzak dituen asmoei buruz PP+C's-ek egindako galderari erantzunez. Espainiako Gobernuaren programa horrek espainiar Estatuan mikrotxipak fabrikatzeko lantegiak sortzea du helburu, osagai elektroniko horien hornidura-arazoak konpondu asmoz. 2027ra bitartean, proiektu estrategiko horrek 12.250 milioi euroko inbertsio publikoa izatea dago aurreikusita, horrekin batera inbertsio pribatuaren bolumen garrantzitsua aktibatuz.

José Manuel Gil PP+C's alderdiko legebiltzarkideak adierazi zuenez, "oso garrantzitsua" izango litzateke autonomia erkidegoan erdieroaleen faktoria bat ezartzeko Euskadik funts horiek eskuratu ahal izatea, gailu horien premiak arazo larriak eragin dizkielako hainbat enpresari, esate baterako Gasteizko Mercedes-Benzi.

Sailburuak azaldu zuenez, horrelako lantegi bat Euskadira edota beste edonora erakarri ahal izateko, 20.000 milioi euro inguruko inbertsioa egin behar omen da. Tapiak argi azaldu zuen, mikrotxipak osagai "estrategikoak" direla, produktu asko eta asko fabrikatzeko erabiltzen direlako. Osagai horien eskasiak "Europa osoari" eragin diola nabarmendu zuen, eta enpresei erdieroale gutxi izateak sortzen dizkien arazoak alde batera utzita, gai horretan "interes geopolitiko argiak" daudela esan zuen.

Sailburuak azpimarratu duenez, Euskadin baditugu alor horretan diharduten hainbat enpresa, horien artean Fagor Electrónica, "estatuan erdieroaleak egiten dituen enpresa bakarra delarik"; argi adierazi du, ordea, Gobernu zentralak Pertearen bitartez garatu nahi dituenen aldean "beste maila batekoak" direla. Nolanahi ere, Euskadin sektore horretan diharduten enpresa hori eta beste batzuk izatea, azken belaunaldiko mikrotxipak garatuko dituzten enpresak erakartzeko "oinarri egokia" direla adierazi du. "Pertera proiektu bat aurkeztu ahal izateko oinarri nahikoa badugu. Estatuko beste leku batzuetan gurean adina errotuta ez dagoen oinarri teknologiko eta industrial sendoak ditugu", adierazi zuen. Horregatik guztiagatik baieztatu du "inolako zalantzarik gabe", Eusko Jaurlaritzak "gogotik lan egingo duela, tankera horretako inbertsio bat Euskadira ekartzeko", eta mikroelektronikako Pertearen deialdira euskal proiektu bat aurkez dadin.

Mercedesek Gasteizko lantegian 1.200 milioi inbertitzeko asmoa iragarri izana, "albiste bikaina, eta Euskadik pasatzen utzi ezin duen aukera ezin hobea" dela adierazi zuen Tapiak. Hedabideek galdera egin ziotenean, halaxe erantzun zuen sailburuak, lantegia eraldatzeko, ekoizpen-ahalmena bikoizteko eta datozen "20 urteetarako" enplegua bermatzeko asmoarekin zuzendaritzak enpresa-batzordeari helarazi dion proposamenari buruz.

Jaurlaritza eta administrazioa, biak direnetik, "beti bezala, iragarpen hori ahalik eta azkarren errealitate bihurtzearen alde" , bidelagun izango direla aipatu zuen Tapiak. Amaitzeko berriro nabarmendu zuen, "Euskadirentzat aukera bikaina dela", eta "albiste ezin hobea dela, dagoeneko hemen finkatuta dagoen" Mercedesek 1.200 milioiko inbertsio hori aintzakotzat hartzea.