- Fraikin Granollersen aurkako partida 12:30ean hasiko da Antequeran, txapelketaren aurtengo edizioaren egoitzan. Beraz, puntuz berdinduta dauden (30na) Asobal Ligako bigarren eta hirugarren sailkatuek jokatuko dute aurtengo Kopako estreinako partida, faborito nagusia den Barça finalera arte ez luketela topatuko jakinda.

Asteazkenean bidaia autobusez egin zuen talde irundarra, hainbat jokalari garrantzitsuren lesioek baldintzatuta iritsiko da hitzordura, Jacobo Cuetarak argi azaldu zuenez; arazo ugari izan ditu taldeak azken aste hauetan, baina gazteen ekarpenari esker duintasunez eusteko gauza izan dira.

Inolaz ere ez da erraza izango Granollersi aurre egitea, eskuineko erpurua hautsita duen Jon Azkue gabe; ia seguru, bidaiatu arren koadrizepsean zuntz mikro-haustura duen Kauldi Odriozola gabe; eta belauneko lesio batetik irten berritan bigarren itzulian jokatzeko aukerarik apenas izan duen Rodrigo Salinas gabe; arazo horiek guztiek zaildu egiten dute final-laurdenak gainditu ahal izatea.

Cuetarak argi azaldu zuen atzo, Granollersko taldea dela une honetan ondoen jokatzen ari dena eta sasoi onenean dagoena, eta datuek ere horixe erakusten dute. Ligako azken sei partidetatik bost irabazi ditu, eta galdu duen bakarra Palaun izan zen Barçaren aurka (37-33), amaieraraino gogor lehiatuz.

Bestalde, denboraldi honetan elkarren artean jokatu duten norgehiagoka bakarrean, talde gipuzkoarrak lortu zuen garaipena Granollersen pistan (28-34); hori, ordea, orain lau hilabete izan zen, eta harrez gero talde biek bilakaera handia izan dute denboraldian zehar.

Kanporaketa honetako irabazleak, etxeko Iberoquinoa Antequera eta Angel Ximénez Puente Genil taldeen arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko du bihar finalerdietan (17.15ean). Txapelketako giltzaren beste aldetik, Barçak Anaitasunaren aurka (19.45) eta Morrazok Ademar Leonen aurka (15.00) jokatuko dute gaur final-laurdenetan.

Puntu berberak dituen Granollersi lehen itzulian irabazi egin zion talde gipuzkoarrak kataluniarren kantxan (28-34)