- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak atzo ohar baten bitartez kritikatu zuen jasaten ari diren "erosahalmen galera", bai eta Espainiako Gobernuak, CEOEk eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako lan-erreforma ere, "Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Mariano Rajoyren lan-erreformen" funtsari eusten diolakoan.

Txosten horren berri atzo eman zuen Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarrak, 2018az geroztik astelehenetan egin ohi duen elkarretaratzean. Bertan, irakurtzeaz gain, edukiarekiko atxikimendua ere adierazi zuten.

Euskal pentsiodunek salatu zutenez, aurre egin beharreko "erronkak konplikatuak eta kezkagarriak" omen dira. Izan ere, Espainiako Gobernuak gaur, asteartez, egingo duen pentsioen egunera-tzea kritikatu baitzuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, berriro ere azpimarratuz, pentsioen KPIaren araberako balioa handitzea ez dela betetzen.

Donostiako elkarretaratze horretan bertan aipatu zuten Gipuzkoako pentsiodunek, azken egunotan ari direla jasotzen erosahalmen-galeraren ondoriozko pentsioen "ordainsaritxo" konpentsagarriari dagokion Gizarte Segurantzaren transferentzia.

"2021eko bizitzaren kostuaren igoera konpentsatzetik oso urrun dago. Gure pentsioak, ordainsari txiki hori barne, murriztu egin dira bizitzaren kostuaren igoerarekin alderatuta", eta galera %3 eta %4 artekoa izan dela salatu zuten.

Beraien iritziz, pentsioak KPIaren arabera handitzeko konpromisoa "ez da bete", eta ondoren onartu den pentsioen erreformak "huts egin du pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzerako orduan", salatu zuten.