Bigarren fase honetan bi kasu bakarrik atzeman dira Ezkion eta lehenengoan, aldiz ez zen bat ere egon. Alde horretatik, Tomas Etxaniz alkatea gustura ageri da. "Herria oso sakabanatua dago eta baldintzak oso egokiak dira transmisioa eragozteko. Oso lasai bizi izan dugu pandemia".

Ekonomiari dagokionez, Udalaren jabegoko ostatuak alokatuak dituztenei laguntzeko neurriak hartu dituzte. "Argindegi eta Topa ostatuetako alokairua kobratzeari utzi genion eta gastuak ordaintzeko laguntzak eman genizkien".

Gaizki pasa duten familiei laguntzen ere saiatu dira. "Aldi baterako enplegu erregulazioa pairatu duten familia batzuk gaizki pasa dute eta Udalaren laguntza jaso dute".

Ezkioko Udalak, gainontzeko guztiek bezala, diru sarrera gutxiago izango ditu. "Aldundiak diru gutxiago emango digu eta, gainera, baserrietako bideak konpontzeko laguntza bertan behera gelditu da. 30.000 euro jaso behar genituen eta ezin izango dugu espero genituen hobekuntza guztiak egin", aitortu du alkateak. Dena den, egitasmo garrantzitsuenek aurrera egingo dute. "Lotuta genituen diru-laguntzei eta aurreztutako diruari esker, egitasmo garrantzitsuenei aurre egin ahal izango diegu. Ez dugu arazorik izango".

Helburu nagusia herritarren bizi kalitatea hobetzea da. Horretarako, azken urteetan ikastetxea, kirol gunea eta bidegorria egin dituzte Santa Lutzi auzoan. Herriaren goialdean, berriz, pilotalekua eta ikastetxe zaharra txukundu dituzte. "Ikastetxe zaharra aisialdirako erabiliko dugu", aurreratu du Etxanizek.

Aurrera begira, egitasmo nagusia mediku-etxea txukuntzen jarraitzea da. "Lehen fasean teilatua berritu genuen eta igogailua jarri genuen eta orain lehen solairua egokitu behar dugu bizilagunek erabili ahal dezaten. Bertan tailerrak egingo dira, besteak beste. Gainera, komun publikoak irekiko ditugu".

Horretaz gain, herri eskolaren eta haurreskolaren ondoan haurrentzako parkeak egin nahi dituzte. Kulturari dagokionez, hilaren 10etik 12ra Sagardo Astea ospatuko da Igartubeiti baserrian. Egunero, 12.00etan, dolarea martxan jarriko dute eta bisitariek duela 500 urte sagardoa nola egiten zen ikusi ahal izango dute. Gainera, 10.15ean, 11.00etan eta 13.00etan XVII. mendean baserrian nola bizi ziren ezagutu ahal izango da, antzezpenen bitartez. Dolarea martxan ikusi nahi dutenek, izena eman behar dute. Horretarako, 943 72 51 07 zenbakira deitu dezakete edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi.