Síguenos en redes sociales:

iKOR Taldearen eta Deusto Business Schoolen arteko lankidetza, 4.0 industrian sakontzeko

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko eta "Digital Business Skills" titulu propioko ikasle talde batek iKOR enpresa bisitatu du, Zuatzun

iKOR Taldearen eta Deusto Business Schoolen arteko lankidetza, 4.0 industrian sakontzeko

DONOSTIA. Pasa den otsailaren 25ean Deustuko Business Schooleko ikasle talde bat, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua eta “Digital Business Skills” titulu propioa ikasten ari direnak, iKOR Taldea bisitatzen izan zen. iKOR Taldeak sistema elektronikoak garatzen eta ekoizten ditu. Enpresaren ekoizpen eta logistika prozesuak eta horien euskarri diren informazio sistemak eta teknologiak xehetasunez ezagutzeaz gainera, ikasleek 4.0 industria kontzeptuan sakondu ahal izan zuten, iKORek kontzeptu horren inguruan ibilbide esanguratsua egin baitu. Hain zuzen ere, mundu mailan 100 EMS (Electronic Manufacturing Services) enpresen artean dago eta ekoizpen lantegiak ditu Donostian, Guadalajaran (Mexikon) eta Suzhoun (Txinan).

iKOR Taldea berrikuntzarekin konpromiso handia duen konpainia globala da, zirkuitu elektronikoen diseinurako eta fabrikaziorako zerbitzu integralak eskaintzen ditu eta hornidura kateko zerbitzu osoak eskaintzen dizkie puntako konpainia industrialei eta teknologikoei. Espainian, Mexikon eta Txinan dituen instalazioei esker, bost kontinenteak hartzen ditu, baita merkatu mota guztiak ere: gakoak, sortzen ari direnak edo helduak. Sare estrategiko horrek malgutasuna ematen die bezeroei, merkatu aldaketei erantzun ahal izateko. Nazioartean ekipo espezializatuak ditu, produktuaren bizi ziklo osoan irtenbideak emateko: diseinua, ingeniaritza eta ekoizpena, banaketa eta saldu osteko zerbitzua. iKOR Technology zentroko I+G+B unitateak, gainera, neurrira egindako irtenbideak garatzeko aukera ematen die, produktua berritu, kostuak aurreztu, hornidura katearen eraginkortasuna areagotu eta lehenago merkaturatzeko.

Horregatik, iKOR Taldea eta Deusto Business School elkarlanean ari dira enpresarentzat interesekoak diren ekimenen inguruko Gradu Amaierako Lanak egiteko, esate baterako, iKORek lehiatzeko sektore berrien prospektiba analisian. Bestalde, iKORek Deusto Business Schooleko hainbat programatako ikasleei praktikak eskaintzen dizkie, ikasleen lanbide esperientziari laguntzeko eta, bide batez, erakunderako talentua identifikatzeko. Ibilbide horretan, aurtengo ikasturtean, guztira Deusto Business Schooleko 9 ikaslek, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzekoak eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradudukoak, iKOR Taldearen negozio garapenerako ekimenak aztertuko dituzte Gradu Amaierako Proiektuetan.

Deusto Business Schoolek iKOR Taldearekin eta teknologia potentzial handiko beste enpresa batzuekin dituen lankidetza akordioei esker, ikasleek 4.0 industriari lotutako informazio eta komunikazio teknologietan sakontzeko aukeratu dute. Teknologia ezagutzeaz gainera, bere aplikazio errealak eta potentzialak landuko dituzte eta negozio potentzialen abantailak, aukerak eta balioa aztertuko, bai eta erakundeetan duen eragina eta eraldaketa ere.