"Etorkizuna euskaraz irudikatzen" duen orok hitzordua du larunbat honetan Donostian, euskararen normalizazioaren aldeko aldarria izatea espero den nazio-manifestazioan. Gazte Euskaltzaleen Sareko hainbat kideren proposamen gisa sortutako ekimena Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko da, 17.30etan, Euskara Aurrera lelopean.

Mobilizazioa "denona da", antolatzaileen esanetan, euskarak "aurrera egitea merezi duela" uste dutenena. Euskaldun berri zein zaharrei, gazte zein helduei, euskaltzale "peto-peto" zein hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenei; herritar guztiei luzatu diete "kaleak betetzeko gonbita".

Izan ere, euskara gaur egun "makalaldi" batean murgilduta dagoela jakinarazi dute ekimenaren sustatzaileek, hizkuntza normalizatzea lortu ez eta euskalduntze prozesuaren geldialdi batean. Bertatik irteteko, orain dela hamarkada batzuk, euskara "hilzorian" zegoenean, "guztion artean emaniko hauspoak" berriz piztea planteatu dute.

Bi arrazoi ezarri dituzte antolatzaileek egungo egoera ulertzeko. Batetik, "euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialen" etengabeko jarioa; bestetik, "interkomunikatuta bizi garen egoera ezengokor hauetan" gure hizkuntza "kokatu nahi eta ezinean" aritzea.

Horregatik azpimarratu dute instituzio eta gizarte zibilaren arteko akordioa berritzeko beharra, baita euskarak behar duen "herri bultzada" berria. Ezinbesteko baita "aurrera" egitea "euskaraz bizi nahia egingarri egiteko", "Euskal Herri euskalduna izateko", "guztion hizkuntza-eskubideak" errespetatzeko edota "euskara herri kohesiorako zuntza izateko, besteak beste.

Pasa den apirilaren 5ean manifestazioa aurkeztu zenetik, hainbat atxikimendu ezberdin lortu ditu ekimen honek. Kultura alorrean, Itziar Ituño, Edurne Azkarate, Jon Plazaola Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy edota Omar Diop aktoreek; Maider Zabalegi, Olatz Salvador edota Pello Reparaz musikariek; Nerea Ibarzabal bertsolariak eta Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoek babestu dute ekimena.

Kirolaren munduan ere izan dituzte atxikimenduak; hala nola, Athleticen nesken taldeko hainbat jokalarirena, Gaizka Garitano, Eibarren gizonezkoen taldeko entrenatzailearena, Oier Sanjurjo, Osasunako jokalariarena, edota Oinatz Bengoetxea pilotariarena.

Euskalgintzan, eragile nagusiek ere euren babesa azaldu dute. Haien artean, Paul Bilbaok, Euskalgintza Kontseiluaren aldetik; Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topagunetik; Urko Aierbe eta Koldo Zaratek, Euskal Herrian EUskarazetik; Lorea Agirrek, Jakinetik; Jon Abrilek, Elhuyarretik; Rober Gutierrezek, Bai euskaratik; Laida Begiristainek, Maizpide euskaltegitik; Koldo Tellituk, Ikastolen Elkartetik; edota Alizia Iribarrenek, AEKtik.

Norbanakoei dagokienez, Change.org web orrian sortutako eskaeran, 2.200 sinadura baina gehiago lortu dituzte dagoeneko.

Herritarren parte-hartzea errazteko asmoz, autobusak jarri dituzte manifestaziora joateko, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Baionatik irtengo direnak, baita beste hainbat herritatik ere. Eguraldiaren aurreikuspena ere ona dela gogorarazi dute sustatzaileek eta "giro bikaina" izango dela lagun edo familiarekin "egun-pasa polita" egin ahal izateko.