UEUren Udako Ikastaroek 50 urte betetzen dituzte aurten, aukera ezin hobea elkarlanean propoposamen berriak jorratzeko.

Aurtengoa edizio berezia izango da eta 22 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu UEUk hainbat eragilerekin elkarlanean.

Ikastaroen abiapuntua Biarritzen izango da, 50 urte UEUgintzan jardunaldiarekin.

Baionan egin den aurkezpenean Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak; Irati Iciarek, UEUko Udako Ikastaroen ardurdunak, eta Pauline Guellek, UEUko zuzendaritzako kideak, parte hartu dute.

Gaurko ekitaldian Sarasolak aurtengo ikastaroen garrantzia azpimarratu du. “Guretzat urteurren garrantzitsua da hauxe. UEUn aritu diren milaka pertsonak eskertu nahi ditugu, beraien elkarlanari esker posible izan baita euskara teknikoa sortzea, beraiei esker lortu baita unibertsitate-mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea”.

UEUren udako ikastaroen uzta oparoa izan da, beraiei esker, besteak beste, unibertsitate mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea lortu baita.

Irati Iciarek ikastaroei buruzko hainbat xehetasun azaldu ditu. Aurten “22 jarduera antolatu ditugu, baina guztiak izango dira jardunaldiak eta topaketak, 50. edizioa berezia izatea nahi genuelako UEUrentzat eta baita euskal gizartearentzat ere”.

Maiatzaren 21ean emango zaie hasiera jardunaldiei. Pauline Guelleren hitzetan “udako ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez, argi genuen 50. urteurreneko hasiera ere bertan egin behar genuela”.

Inaugurazio ekitaldian UEUren egoera izanen da aztergai, “iragana gogoratuz baina etorkizunari begira”. Era berean, Guellek adierazi zuenez, “hasierako bultzatzaileak eta eragileak omenduko ditugu”.

Izena emateko epea jadanik irekita dago www.ueu.eus helbidean.