Korrikaren hurrengo edizioa 2024an izango da. Halaxe jakinarazi du astelehen honetan Asier Amondok, euskararen aldeko lasterketa honen arduradunak, 22. Korrikaren balorazioa egin ostean, Donostiako Bulebarrean.

Data ere zehaztu du; 23. Korrika martxoaren 14tik 24ra izango da. Hala ere, Amondok oraindik ez du ibilbiderik zehaztu; izan ere, "bihartik aurrera" hasiko dira prestaketa lanekin eta datu ugari daude oraindik zehazteke.

Hemendik aurrera, beraz, euskararen aldeko lasterketa urte bikoitietara pasako da, aurtengo edizioa urtebete atzeratu ondoren, 2021tik 2022ra arte.