Korrikaren 22. edizioak amaiera beroa izan du igande eguerdian Donostiako Bulebarrean. Udaberriko eguraldi epelak ez ezik, milaka herritarren txalo eta emozioz beteriko euskararen aldeko oihuek ere besarkatu dute ekimena bere azkenengo metroetan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haur, nerabe, gazte, heldu eta adinekoak bertan izan dira, urtebete atzeratu behar izan zen Korrikari berezi honi laister arte esateko, hamaika egun eta hamar gauren ostean.

Eguzkia ia irten berri zegoela iritsi da Korrika Donostiara, Errekaldera. Orduerdi inguruko atzerapenarekin sartu da Gipuzkoako hiriburura, 07.36etarako aurreikusita bazegoen ere. Añorgatik pasa eta Antiguo ere gurutzatu du; auzo honetan eraman dute lekukoa, 2.527. kilometroan, NOTICIAS DE GIPUZKOAko langileek. Ondoren, erdigunetik barrena, gainontzeko auzoetatik igaro da, ahalik eta eguerdia iritsi berritan, Bulebarrean sartu den arte. Milaka euskaldun eta euskaltzaleren parte-hartze eta konpainia izan du ibilbideak Donostiako kaleetan.

12.40tan igaro da Korrikaren lekukoa Bulebarreko Zumardiko amaiera puntutik, aurreikusi baino hamar minutu eskas beranduago. Karmele Jaio, idazle eta egunkari honetako kolaboratzailearen, eta Aize Otaño, Astigarragako euskaltegiko irakaslearen eskuetan egin du azkeneko kilometroa.

Izan ere, Jaio da Euskal Herriko 2.575 kilometro bisitatu dituen mezuaren egilea, baita Bulebarrean idazkiaren irakurketa egin duena ere. Korrikak "hizkuntza zerbait fisikoa bihurtzeko ahalmena" duela azpimarratu du, "gure a e i o u partikularra" gorpuztekoa. Teorikoki babesteaz gain, bizirauteko, erabileraren garrantzia gogorarazi duen metafora ere aipatu du; "behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea. Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizitzaz".

  • Irakurri Karmele Jaioren mezu osoa

Euskararen aldeko defentsan etiketak alde batera uzteko gonbidapena ere luzatu die herritarrei. "Ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri", adierazi du Jaiok.

Azkenik, euskara euskaldunon nortasunaren parte bat dela sinesteko ordua dela goraipatu du, "ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik" dioen sinesmenarena, idazle gasteiztarraren esanetan.

Ekitaldia Kukai dantza taldeak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eginiko koreografia batekin bukatu da, Korrikaren aurtengo ereserki bihurtu den Hitzekin abestiaren erritmoa jarraitu dutelarik.

Hortik aurrera, euskaltzaleek festa giroa luzatzeko aukera dute, Korrikaren antolatzaileek Donostiako leku ezberdinetan prestaturiko zortzi espazioetan zehar. Kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, azokak, jaki dastaketak eta beste hainbat ekintzez gozatu daiteke, 22. Korrikari amaiera borobila emateko.