Ilusioz betetako txotx denboraldia aurretik

Ostiralean hasiko da ofizialki sagardotegi denboraldi berria eta ezohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu du sektoreak

11.01.2022 | 12:22
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardoaren sektoreko ordezkariak, gaur goizean Donostian.

Urtebete igaro da dagoeneko joan den urtarrilean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak egoera ezegonkor baten menpe txotx denboraldiari hasiera eman zionetik. Ordutik, hainbat arau eta egoerari aurre egin behar izan dio sektoreak, eta sagardotegiak espazio seguru, erakargarri eta erosoak bihurtzeko konpromisoa izan du ardatz. Gaur goizean, sagardo sektoreak elkarrekin egindako bidea eta lana aurkeztu du Donostiako San Telmo Museoan eta datorren ostiralean hasiko den denboraldi berrirako "gogoa, ilusioa eta pasioa", dutela adierazi dute.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile guztien ordezkaritzan deitu dute prentsaurrekoa eta horretarako, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ez ezik, hiru lurralde horietako sagardogileen eta sagargileen elkarteetako ordezkariak gerturatu dira Donostiara.

Familia argazkia atera ostean, Unai Agirre Euskal Sagardoako koordinatzaileak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak eta Oihana Gaincerain Euskal Sagardoako lehendakariak eman dituzte denboraldi berriaren inguruko xehetasunak.

Merezi dugulako! lelopean egingo da aurtengo denboraldia eta segurua izan dadin, hainbat protokolo garatu ditu sektoreak. "2022ko sagardotegi denboraldia merezi dugulako, oraingo honetan baikor gatoz 2021ean aurkeztu genuen sagardotegi denboraldian genituen mugak ikusita, bezeroak ondo erantzun duelako. Jendea sagardotegietan ibili da eta neurriak aldatzen joan bagara ere, bezeroak beti ondo erantzun du. Beraiek eman diguten indar horrekin 2022a baikor hasiko dugu", azpimarratu du Mitxelenak.

Oraindik muga batzuk egongo dira sagardotegietako kontsumoan, izan ere, Eusko Jaurlaritzako abenduaren 28ko Dekretuaren ondorioz, sagardoaren kontsumoa eserita egin beharko baita gutxienez urtarrilaren 28ra bitartean. "Baina protokoloa irekita utzi diogu sagardotegi bakoitzari eserita egin beharreko kontsumo hau ere norberak egokitu dezan. Kasu batzuetan, sagardoa mahaian zerbitzatuko da botila gardenetan edo pitxerretan, eta beste kasu batzuetan bezeroak altxa ahal izango du betetzera", adierazi du Mitxelenak.


 

SAGARDO BERRIA

Sektoreak "garrantzi berezia" eman nahi izan dio sagardo berriari, hori izango baita oraingo denboraldi honetan dastatuko dena. Horretarako, bezero bakoitzak produktu horren informazioa jasotzeko aukera izango du. Kasu batzuetan, botila gardenetan edo pitxerretan ekarriko dute azalpena, txartel batean jasota. Txartel bakoitzean kupelaren zenbakia egongo da, bezeroak uneoro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko.

Eta beste kasu batzuetan, kupeletan bertan ikusi ahal izango da zein den sagarraren jatorria edota sagastiari buruzko informazioa.

Agirrek adierazi duenez, 2021a sagar urte handia izan da Euskal Herriko sagastietan kopuruz, eta sagardotegiek aukera paregabea izan dute upategian uzta eder hau baliatzeko. "Aurten esan genezake uzta historikoa izan dugula, orain arteko handiena izan baita. Oso sagar ona eta osasuntsua jaso dugu eta guztira bost milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan. Orotara, 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira", azaldu du Jatorri Deiturako koordinatzaileak.

Ezaugarriei dagokienez, iaz baino sagardo arinagoak dira aurtengoak, lurrintsuak eta alkohol graduazio baxuagokoak. "Sagardotegietan dibertsifikazioa asko ari da handitzen bakoitzak gustukoen dituen sagastiak jartzen dituelako, beraz, sagardotegi batetik bestera edo upel batetik bestera alde handia ikusiko dugu. Hala ere, horiek lirateke aurtengo uztaren ezaugarri nagusiak", azaldu du Agirrek.

Horrekin lotuta, azpimarratzekoa da zenbait sagardotegik sagar mota jakineko Euskal Sagardoak dituztela aukeran aurten: sagar mota bakarrekoak, edo bi, hiru edo lau sagar motaz egindakoak.

Beste berrikuntza bat sektoreak proposatzen dituen ekintzak dira. 2022ko sagardotegi denboraldian, Sagardo Dastatze Gidatuak eskainiko dituzte otorduen aurretik zenbait sagardotegitan. Gainera, bezeroei erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta sagardotegietan otordua egiteko erreserba sistema ere martxan jarri dituzte. Beraz, hemendik aurrera, sagardoa.eus webguneak sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera emango du.


PREZIOAREN IGOERA

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura sortu zenetik, sektoreak sagardoaren errentagarritasuna bilatu nahi izan du. Ondorioz, azken urteko igoerak medio, sagardo botilen prezioak %10-%20 artean igoko dira batez beste aurten. "Sagarra, beira, kartoia, argindarra... guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko", azpimarratu du Agirrek.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa