Proiektua 2000. urte inguruan sortu zen Deba eskualdean, batez ere bertako euskara eta euskalkia indartzeko asmoz. Nahiz eta Gipuzkoan egon, eskualde horretan bizkaieraz hitz egiten da eta historian egon diren “konplexuek” bultzatu zuten jendea Badihardugu sortzera. Aintzane Agirrebeña koordina-tzaileak kontatu ditu Euskara Elkarte horren nondik norakoak.

“Beti esan izan da gure euskara txarra dela. Adibidez, ni eibartarra naiz eta bertako euskarak beti eduki izan du oso fama txarra erdarakada asko sartzen ditugula esaten dutelako. Beraz, konplexu handia izan du jendeak eta gaztelaniara jotzen zuten erosoago sentitzeko”, nabarmendu du Agirrebeñak.

Aldaketa euskara batua sortu zenean iritsi omen zen. “Ikastetxeetan euskara batua bultzatzen hasi ziren eta Deba eskualdeko jendeari iruditzen zitzaion hori zela euskara ona”, azaldu du. Deba eskualdea 17 herrik osatzen dute eta Agirrebeñaren ustez, herri gehienetako jendea animatu zen Badihardugu bezalako proiektu bat sortzera. “Idazleak, irakasleak, euskaltzaleak, lehenago sortu ziren euskara elkarteetako jendea... hainbaten artean osatu zuten lantaldetxoa”, zehaztu du.

Gaur egun, lantaldean bost pertsona daude, baina elkarteak bazkideak eta laguntzaileak ere baditu. Aurrera eramaten dituzten ekimenetarako dirulaguntzak jasotzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eskutik eta horrez gain, udalekin ere hitzarmenak sinatzen dituzte askotan.

Aurrez aipatu bezala, Badihardugu elkartea Deba eskualdeko euskara bultzatzeko sortu zen eta sortzaileen kezken artean herri-hizkera jasotzea ere bazegoen. “Ordurako hasita zeuden herri batzuetan bertako herri-hizkerak biltzen. Noizean behin, ikerketa bat egiten zen paperean eta jarraian liburu bat kaleratzen zuten emaitzekin. Bestelako proiektu ba-tzuk egiteko, kantak, landare izenak edo edozer gauza jasotzeko adibidez, jendearen ahotsak grabatzen zituzten, baina grabaketa horiek gero bazter batean gordetzen ziren. Argitaratzen zena liburua zen azken finean”, adierazi du.

Horren harira, Badiharduguko kideak konturatu ziren herri askotan “bazter batean utzitako grabaketa zaharrak” zeudela eta horri garran-tzia ematen hasi ziren. “Pentsatu genuen herri-hizkerak ezagutzeko horiek entzutea baino gauza hobeagorik ez zegoela eta orduan sortu genuen gure proiektu ezagunena: Ahotsak”, azpimarratu du.

Agirrebeñaren arabera, Ahotsak proiektuak bi helburu nagusi izan zituen hasieratik. Batetik, herri bakoitzeko hizkera jasotzea eta, bestetik, garai bateko kontuak bildumatzea ere bai. “Azken finean, azken urteetan bizimodua asko aldatu da eta batez ere, gerra aurreko kontuak jaso nahi genituen: nolakoa zen bizimodua, galdutako lanbide zaharrak eta horrelako gauzak”, zehaztu du.

Hasiera batean, Deba Eskualdeko Ahotsak izena hartu zuen proiektuak eta gero zabaltzen joan zen pixkanaka. Gaur egun, Ahotsak.eus webgunean Euskal Herri osoko 6.000tik gora lekukoren testigantzak aurki daitezke. “Biltegi handi” horretan, 370 herri eta 63.546 bideo-pasarte daude eskuragarri. “Guk egindako elkarrizketak, hasiera batean jasotzen hasi ginen grabaketa zaharrak eta beste proiektu batzuetarako egindako grabaketak ere badaude katalogatuta”, nabarmendu du.

Landuta dauden gaiak ere oso ani-tzak dira eta talde nagusi batzuetan sailkatuta daude: herriak eta azpiegiturak, familia eta harremanak, ohiturak eta bizimodua, euskara, aisia, ekonomia eta politika, besteak beste.

Ahotsak egitasmoaz gain, Badiharduguk burutu izan ditu beste egitasmo garrantzitsu batzuk ere. “Adibidez, 2003an Berbeta Berua izeneko lana argitaratu genuen, gazte hizkeraren inguruan. Horrekin lotuta, gerora Gazte Gara Gazte proiektua jarri genuen martxan eta webgunera eraman genuen. Horrez gain, 2017an liburuxka bat kaleratu genuen umeentzako kanta eta jolasekin. Liburuxka hori, Ahotsak. eus-etik jasotako testigantzetan oinarrituta dago”, azaldu du.