- Paxlovid, Pfizerren covidaren aurkako pastilla, larrialdi-egoerako erabiltzea nahi du Karl Lauterbach-ek, Alemaniako Osasun ministroak; koronabirusak eragindako gaixo larriak tratatzeko erabili nahi da, eta dagoeneko milioi bat unitate ziurtatuta dauzkate.

"Hil honen amaierarako dena prest izatea nahiko nuke; alegia, sendagaiaren hornidurak jaso, eta larrialdietarako baimena ere eskuratu ahal izatea", esan zuen Welt egunkariaren igandeko edizioan egindako elkarrizketan.

Ministroak azaldu zuenez, Sendagaien eta Gailu Medikoen Institutu Federala (BfArM) larrialdi nazionaleko baimena prestatzen ari omen da, eta hori lortuz gero, Sendagaien Europako Agintaritzak (EMA) pilula baimendu aurretik ere erabili ahal izango lukete Alemanian Paxlovid delako pastilla hori. Lauterbachen hitzetan, Osasun Ministerioak akordioa itxi omen du dagoeneko Pfizerrekin milioi bat unitate erosteko, eta beste milioi bat ere eskatu dituzte estaldura nahikoa bermatzeko. Paxlovid oso mesedegarria eta erabilgarria da txertoa hartu ez duten arriskupeko pazienteen tratamendurako, "multzo handia eta bereziki kaltebera dena", esan zuen.

Alemaniako biztanleen %25,8k (21,5 milioi) oraindik ez du txertorik jarri; eta horietatik soilik 4 milioi dira txerto egokirik ez duten lau urtez azpikoak (%4,8).

Urte Zahar egunera arte, txertoa ipinitakoak herritarren %74,2 ziren (61,7 milioi pertsona); %71,2k (59,2 milioi) jarraibide osoa, eta %38,7k (32,2 milioi), baita errefortzu-dosia ere. Omicronak eragindako bosgarren olatuaren aurrean kezkati agertu zen Lauterbach, batez ere txertoa hartu gabe daudenekin, eta aldaera horren aurka lehen dosi bat ere eraginkorra dela azpimarratu zuen.

Intzidentzia metatuak laugarren egunez egin du gora Alemanian, zazpi egunetan eta 100.000 biztanleko, 222,7 kutsatze berriko mailara iritsiz; larunbatean 220,3 ziren, eta ostiralean, berriz, 215.