2022. urtea hasi da eta gauza batzuk eskatzen diot: erretzen ikastea, ingelesa galtzea eta pisuari merezi duen denbora eskaintzea. Badakit alderantziz ari naizela, baina aurreko urteari ez al zenioten eskatu birus madarikatua desagertzea? Horixe ba, ea oraingoan funtzionatzen duen. Baina egia esan Doña Manolitan egoten den ilara ikustean sortzen didan esperantza falta berdina sumatzen dut.

Ahaztu zait zenbatgarren olatuan gauden, metatutako intzidentzia zenbatekoa den, zenbat herri dauden gorrian eta horrek zer ekartzen duen, noiz sartu naitekeen taberna barrura eta bertan zerbait hartu, terrazan musukoa kendu dezakedan eta baita pasaportea erakutsi behar ote dudan taberna sartzerakoan, edo anbulategiko sarreran. Momentuan eskatzen didatena egin eta kitto. Bigarren txertoaldian AstraZenecarekin egoskortu zen horietako bat nauzue, patroi bereko bi txertok konfiantza gehiago ematen zidatelako edo. Hirugarren honetarako eztabaida piztu ere ez da egin. Eskura daukatena sartuko didate. Eta ni, hirugarrengo aldiz, erdi pozik, birusa harrapatzeko aukera bat gutxiago dudalakoan, eta batez ere, ingurukoak zertxobait babesten ditudanaren ustean.

Oraindik ez zait tokatu zomorroa harrapatzea. Edo hori uste dut behintzat, ustekabean pasa dut bestela. Baina egia esan azken tsunami honek nire inguruan aurrekoek ez bezala jo du. Gogoan duzue ordenagailu zaharrek zuten buscaminas izeneko jolas hori? Bada gutako bakoitza horrelako zerbait bilakatu da. Ingurua minez josita daukagu, eta kasu non egiten duzuen klik.

Lasaitasun mezuak larritzen nau. Inoiz baina kutsatu gehiago daude, baina tira, haurrak oporretan daudenez, eta ospitaleak lehenengo aldi hartan baino lasaiago dabiltzanez kasu larrienei begira, ez zaitezte kezkatu. Eta ahaztu hamar egunez etxean egote hori. Ez izan alferrak. Orain zazpi egunekin nahikoa da. Ez dezagun produkzioa eten. Azkeneko hau da mantra berria. Gurpilak bueltaka jarraitu behar du edonola. Erietxeak kolapsatzen ez diren bitartean, eskolak irekita eta baja laburragoak. Antigeno frogak zuek egin zuen etxeetan, aztarnari lanak ere bai, eta positibo izanez gero, agian zazpigarren egun horretan egingo dizute PCR bat, justu lanera bueltatu baino lehen.

Oraindik harrapatu ez nauenaren ustean nagoenez, agian irabaziko dudalakoan sari berezi bat antolatzea proposatzen dut. Kutsatu gabe geratzen diren edo garen azkeneko bizpahiru gizabanakoei sari bat ematea. Gabonetako saskia jasotzen ez dugunontzat pizgarria izan daiteke akaso. Saria diru gutxikoa bada musuko eta abarretan utzitako sosak berreskuratu ahal izango ditut, eta sari potoloa bada, filantropia ariketa bat egin eta osasun publikoa indartzeko erabiliko dut agian, beharra nabaritzen baita.