Lankidetza-etxebizitzak, cohousing hitzarekin ezagututa ingelesez, bultzatu nahi ditu Lakuak, bereziki gazteentzat, adinekoentzat, belaunaldi arteko proiektuentzat eta guraso bakarreko edo ugariko familientzat; landa-eremuetan eta jenderik gabekoetan berriz, alokairu babestua sustatuz. Horiexek dira Gobernu Kontseiluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren proposamenari onartu dizkion jarduera-ildoetako batzuk. 2022rako 19 milioi gorde ditu alokairuak sustatzeko, eta laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio batzuenekin eta Next funtsekin ere.

Etxebizitzaren Euskal Legea garatzen duen agindu berri horrek, lehendik badauden lagun-tzak areagotu eta jarduera-ildo berriak zabaltzen ditu -baita sektore pribatuan ere-, babestutako alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza handitu, eta hutsik dagoen parke pribatua mobilizatzeko asmoz. Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, laguntzak zuzenak izango dira -itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eta maileguaren interes-tasaren subsidiarioa-; eta finantzaketa kualifikatua ere aurreikusten omen da (mailegu kualifikatuak eta banku-deskontuak).

Aginduak arau-esparru berri bat garatzen du elkarlaneko etxebizitzak sortzeko. Sistema horrekin, eraikina birgaitzeko edo eraiki-tzeko aldez aurreko sarrera bat ordainduko da (gehienez 30.000 euro) eta, ondoren, gehienez 750 euroko hileko kanon bat, etxebizitza-komunitateak kudeatzen duen irabazi-asmorik gabeko kooperatibari.

Cohousing-eraikinek gutxienez bost etxebizitza izan beharko dituzte, erabilera-eskubidearen araubidean eskuratu beharko dira -espazio komunak barne-, eta okupatzaileen ohiko bizileku izan beharko dute. Egitasmo hori gazteei, adinekoei eta belaunaldien arteko proiektuei zuzenduta dago, eta laguntza bereziak ere aurreikusten dira guraso bakarreko familientzat edo familia ugarientzat, ezintasunak dituzten pertsonentzat, edota Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan gutxienez hiru urte daramatzatenentzat.