Zortzi hilabeteko zigorra eskatu diote Cabezudori

Argazkilariak dio pasahitza galdu zuelako ez zituela Facebooketik kendu barruko arropa hutsean zegoen modelo baten irudiak

01.10.2021 | 00:34

donostia – Gipuzkoako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zortzi hilabeteko kartzela-zigorraren eskaria berretsi zuten atzo Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat, epaileak agindutakoari muzin eginda, ustez Facebookeko profilean soilik barruko arropa zeraman modelo baten irudia mantentzeagatik.

Gertakari horregatik Donostiako Zigor Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak aztertutako auzian, beste kasu batean 20 bat neskari iruzurra eta hainbat sexu-delitu egin izana leporatzen zaion Kote Cabezudok, onartu egin zuen aipatutako irudia ostatatuta zegoen kontua berea zela. Baina, "behin eta berriz" irudia handik kentzen saiatu arren, ezin izan omen zuen hura erretiratzeko agindu judiziala bete, jada ez zituelako profilerako sarbide-gakoak.

"Ezin izan dut argazkia kendu pasahitzik ez dudalako. Facebookera idatzi eta ez didate erantzun", argudiatu zuen argazkilariak, bideokonferentziaz, behin-behineko espetxealdian dagoelako.

Akusatuak uko egin zion Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren galderei erantzuteari, eta bere abokatuak egindako galderei baino ez zien erantzun. Azpimarratu zuenez, ez omen zuen "inolaz ere", 2017ko urtarrilean bere eskumeneko Interneteko edozelako orrialde edo sare sozialetatik biktimen "material pornografiko zein bideografiko oro, berehala kentzeko" agindu judiziala desobeditzeko asmorik.

Erasandako modeloekiko "enpatia" adierazi nahi izan zuen, eta ikertzen ari diren kasua publiko egin ostean, "inoiz" ez omen zuen emakume horien argazkirik igo sare sozialetara edo Internetera.

Biktimak, bestalde, kartzela zigorraz gain, 3.000 euro ere eskatu ditu jasandako kalte moralen ordain gisa. Azaldu zuenez, "lotsatuta" zegoelako eta jada "bizitza sozialik ez zuelako", auzia hasi zenetik "goizero" bere argazki bila ibiltzen omen zen sarean, eta hala aurkitu omen zuen bere argazkia Cabezudoren Facebookeko profilean.

"Lanera joateko soilik ateratzen nintzen etxetik, gero segituan itzultzeko", azaldu zuen hunkituta gazteak; eta, gaur egun oraindik ere Interneten bere beste argazki ba-tzuk badauden arren, ez omen du haiek kentzerik eskatu, egileak, Cabezudo ez bezala, "ez direlako behin prozesu judiziala hasi eta gero erabiltzen ari".

Epaimahaiaren aurrean egindako aurkezpenean, argazkilariak desobedientzia delitua egin izana "argi frogatuta" geratu zela esan zuen Fiskalak. Biktimaren irudia Facebooketik ez kentzeko akusatuak emandako azalpenak "aitzakia hutsak" zirela esan zuen, kontuen jabeek irudiak "berehala" ezabatu ditzaketelako.

Akusazio partikularreko abokatuak ere antzeko adierazpenak egin zituen, kasu honetan desobedientzia delitua egin dela erabakitzeko "elementu guztiek" esku hartzen dutela azpimarratuz. Abokatu horrek argitu zuenez, Cabezudoren Facebookeko profilean bere argazkia erakusteagatik kaltetuak sentitzen duen "lotsa", gertaera horrengatik sexu-abusu baten biktima gisa identifikatu ahal izatearen ondorio omen da, horrek "sufrimendu" handia eragiten diolako, epaiketan egindako adierazpenetan "nabarmen" ikusi den bezala.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa